Batera deialdiko eleberri grafiko, fanzine eta web-sailaren berri emango dute Oihanederren

Batera deialdiko eleberri grafiko, fanzine eta web-sailaren berri emango dute Oihanederren Ekainaren 21ean proiektuen prozesuen berri emango dute, eta crowdfunding kanpainan parte hartu dutenek euren saria jasoko dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/batera-deialdiko-eleberri-grafiko-fanzine-eta-web-sailaren-berri-emango-dute-oihanederren/@@download/image/batera.jpg
2022/06/13

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Ekainaren 21ean proiektuen prozesuen berri emango dute, eta crowdfunding kanpainan parte hartu dutenek euren saria jasoko dute.
Batera deialdiko eleberri grafiko, fanzine eta web-sailaren berri emango dute Oihanederren

Gasteizko gazteen artean euskarazko kultur sormena sustatzeko Batera deialdia jarri zuten martxan urrian Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak aisialdi programak. Jasotako proposamenen artean hiru hautatu zituen epaimahaiak: Aritz Ibarraren Gasteiz 1200 – Defentsa amaigabea; Sandra Salazarren Idi-gosea; eta XUP! antzerki taldearen Beita.

Crowfunding kanpainak prestatu eta martxan jarri zituzten hiru proiektuetako kideek, eta azken hilabeteak proiektuak garatzeko erabili dituzte. Beren proiektuen garapen prozesuaren nondik norakoen berri emango dute Oihanederren ekainaren 21ean, arratsaldeko zazpietatik aurrera. Egun horretan, crowdfunding kanpainan babesa eman dieten lagunek beren sariak jasotzeko aukera izango dute.  

Aurkezpena doakoa izango den arren, gonbidapena aurrez eskuratzea gomendatu dute antolatzaileek, ohiko moduak erabilita: oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita, telefonoz eskatuta edota BIBE plataformaren bidez eskuratuta. Bihartik aurrera izango da horretarako aukera. 

Eleberri grafikoa, fanzinea eta web-saila
Aritz Ibarrak Gasteiz 1200 – Defentsa amaigabea eleberri grafikoaren egitasmoa landu du. Gasteizko historiaren gertakari erabakigarri bat ezagutarazi nahi du proiektu honekin: "1200. urtean tropa gaztelarrek Nova Victoria (Gasteiz) hiri nafarra konkistatu, eta bertako hiritarren eta herriaren etorkizuna errotik aldatu zuten. Garai hartako gasteiztarrek erresistentzia izugarria egin zuten konkistaren kontra, horren ondorioz hiriaren setioak 8/9 hilabete iraun zuen". 

Sandra Salazarren Idi-gosea proiektuak elikadura-jokabidearen nahasmenduen eta nerbio bulimiaren gaiak aztertu ditu. Fanzinean, argazkiekin eta aldizkarietako hitzekin egindako collage ezberdinen bidez eta hainbat informazio osagarriz, nerbio bulimiaren inguruko informazioa eta gaixoen sentimenduak landu ditu, gai honen inguruko isiltasuna apurtu eta gertutik ezagutzen laguntzeko. 

XUP! antzerki taldearen Beita proiektua hamabost minutuko zortzi ataleko web-saila da, eduki osagarriekin argitaratuko dena. Proiektu digital eta transmedia denez, zortzi atalak oinarri digitalean izango dira eskuragarri. "Ikuspegi gazte eta feministatik" sortutako lana da, "gazteok gazteontzako" sortua. Misterio edo thriller eran kontaturiko istorioa da, eta euskaraz egina.