Bata bestearengandik bi metrora dauden plataformetan: Pandemia garaiko lehen jaialdi handia Erresuma Batuan

Virgin Money Unity Arena eraikinean pasa den asteazkenean Erresuma Batuan koronabirus garaian ospatzen den lehen jaialdia izan zen. Sam Fender gaztearen akordeekin eman zitzaion hasiera jaialdiari eta irudi bitxiak utzi zituen: bertan 500 plataforma ikusi ziren, ilaratan ordenatuak eta distantzia soziala bermatuz, ikusleak plataformetan taldeka sailkatuz.
2.500 pertsona egon ziren aldamio horien gainean, bakoitzean aulkiak zeudelarik eta janari zein edari zerbitzua zutelarik. Izan ere, plataformatik ateratzea ez zegoen baimendua, salbuespena komunera bisitak ziren.
Pandemiak zuzeneko musika leku itxietan egitea zaildu du eta hori dela eta antzoki askok oraindik itxita jarraitzen dute. Horregatik, bai gurean eta bai nazioartean kontzertu eta ekitaldi gehienak aire zabalean burutzen ari dira, hau izango al da zuzeneko ikuskizunen etorkizun behin-betikoa?