'Basilika' kultur ekimenak podcast-a jarri du martxan

Diziplina anitzetako lagunak elkartu dira Basilika kultur ekimenean: artistak, idazleak, zinegileak, ikerlariak, kazetariak... Hausnarketa kritikoa bultzatu nahi dute eta, hasteko, podcast-a sortzea pentsatu dute. Bost atal izango ditu eta lehenengo saioa entzungai dago. Gorka Bereziartuak eta Beñat Sarasolak gidatu dute Zeelanda Berria izeneko lehen irratsaioa. Bertan, literaturan abusua errepresentatzearen gaiaz aritu dira; Vanessa Springora-ren Le Consentement liburutik abiatuta, literatura eta pederastiaren inguruan solas egin dute. Gainerako saioak hauek izango dira: Jone Uriarte eta Lur Olaizolaren Phoenix Ragazza; Irati Urrestarazu eta Shatsa Jauregiren Berdela; Jon Urzelairen eta Kepa Matxainen Sakoneta; eta Pablo Marteren Sector Conflictivo.
Basilika podcasting-aren sortzaileek jakinarazi dutenez, "pentsamendu konparatuan, hausnarketa kritikoan eta gaur egungo kultur ekoizpenaren forma desberdinen gaurkotasun-harremanetan arakatzea" da asmoa. Donostian eta Bilbon oinarritutako taldea da, "kezka heterogeneoak" dituena eta "egiteko moduak biltzen" dituena. Ekimeneko partaideek adierazi dutenez, "taldeak kultur ekoizpenari sakontasunez heltzeko nahia du, baina baita pentsamendu bakartitik ateratzeko, hedatzeko, loturak sortzeko nahia ere".