Basic Instinct 2 (Instinto basico 2) *

Jakina denez, sormena ez dago bere mementurik onenean egungo zinema komertzialean, eta Basic Instinct 2 filma horren adibide ezinhobea da. Hamabost urte luze joan dira Paul Verhoevenek Basic Instinct thriller erotiko arrakastatsua filmatu zuenetik, eta hain zuzen, huraxe izan zen Sharon Stone izarren mailara eraman zuen pelikula. Oraingo honetan, auto istripu bat da istorioaren abiapuntua. Catherine Tramell idazle ederra eta futbol jokalari famatu bat Thamesis ibaira erori dira autoarekin. Tramell bizirik irten da. Futbol jokalaria, ez. Washburn detektibeak, ordea, ez du susmo onik, eta Tramellek mutila hil duela uste du. Hortaz, Glass psikiatrari txosten bat egiteko eskatu dio. Glass gizajoa, noski, idazle ederrarekin maiteminduko da. Gidoiak jatorrizko filmaren patroi berbera jarraitzen du, baina askoz pobreagoa da. Hori gutxi balitz bezala, ezin esan morbozaleek bazka handirik dutenik film honetan. Sexu eszena gutxi baitaude. Eta, gainera, dezepzio hutsa dira. Aurrekontu handiko filma den arren, thriller erotiko merke eta amarrutsua baino ez da.