Basetxean barrena

Basetxean barrena https://www.gaztezulo.eus/albisteak/basetxean-barrena/@@download/image/25p55-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Amets Arzallus


Euskal Telebistaren lehenengo kateak bere programazioa goitik behera aldatu du denboraldi berrirako. Sorginen Laratza astean behin jartzeaz gain, "B" hizkiaz hasten diren saioak estreinatu ditu. Astelehenetan... ea oroitzen naizen.... nola zen... ah! Baietz gogoratu. Asteartetan "Bexamela". Eta asteazkenetan, "Basetxea". Denak berri-berriak, denak "B"-z hasten direnak. Batzuk bero-beroak, besteak, berriz, bizitzaren barru-barrukoak, baina, beno, badago berriro be bi begiak betetzeko bezainbeste berrikuntza. Bai.
Egia esan, "Basetxea" lehen aldiz ikusi nuenean, harritu egin nintzen. "Gran Hermano", "Loft Story", tankera horretako arinkeria jan erraz bat espero nuen. Baina, ez. Euskal Telebistak, kanpotik inportatutako ideia baten inguruan, estilo propio bat sortzea lortu du. Baserri giroan murgilduz, elkarbizitza frogan jartzeaz gain, baldintza gogorreko bizi-iraupena ere berreskuratu du. Eta gutxi gehiago, bere lehiakideen bitartez, denoi egin arazten digu urte batzuk atzera. Orain dela ez hainbeste urtetako Euskal Herrira. Denboraz, guregandik guk uste baino gertuago, eta bizimoduz, guregandik guk uste baino urrutiago dagoen bizitza horretara. Eskertzen da.
Baina kritikatxo negatibo bat egin gabe ezin utzi hau ere. Euskal Herri zaharra berreskuratzean, ohartu naiz, gaurko gazteak zein urrun dauden hortik. Eta ez bizimoduz, baizik eta, hizkuntzaz. Lehiakideei zenbat "osea", "tio" edo gaztelerazko esaldi oso entzun diegu? Horrelakoetan mutil bat agertu behar litzateke, esanaz, "horrela ez mutiko". Gure aiton-amonek ez baitzekiten horrelakorik.

Betizu taldea



Iban Garatek zuzendurik, egunero ordu erdi bat eskaintzen zaio ETB 1-ean Betizu taldeari. Aspaldiko onena iruditzen zait. Gaztetxoen kantuek eta komentarioek txoraturik naukate. Batez ere, Ondarruko, Zarauzko… Euskal Herri osoko euskara herrikoiek. Zer poz ematen duen Azpeitiko “nezka gaztien inpreziyuek” entzuteak. Hau da aberastasuna.