Basamortuko lorea

Basamortuko lorea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/basamortuko-lorea/@@download/image/201134476maddal_1361529781.jpg
2011/03/04
erreportajea
Maddalen Arzallus
Azza dauka izena eta tunisiarra da, basamortuko lorea. Aspaldi etorri zen, ordea, Europara bere herrialdetik ihesi. “Han ezin da bizi”, aitortu zidan behin.


“Geronen eskuz eta izerdiz eraiki genuen etxea senarrak eta biok bizi-amets bati gorputza emanez. Etxe ederra zen, zure azala bezain zuria eta teilatu osoan terraza zoragarri bat zeukan, egunsenti gorri bakoitzeko gure haurrek eguzkiari begira etorkizuna irudika zezaten.” Eta nik bere begi marroietan  ikus nezakeen egunsentia bere etxeaz eta haurrez hitz egiten zidan bitartean. Baina egunik onenak uste baino azkarrago pasatzen direlako edo, kolpez ilunabartu zitzaion begirada.

“Baina nire senarra ez zen agintariek nahi zuten bezalakoa. Oso gizon argia zen, eta bazekien buruarekin pentsatzen, ez beste askok bezala. Nik ez dakit zein saltsatan zegoen sartuta baina egun batez, gure gaztelutxotik alde egin behar genuela abisatzen zigun gutun zimurtu bat jaso genuen. Hasieran ez genion kasurik egin baina begira non nagoen, nere bi seme-alabekin... Han ezin genuen bizi, bizirik irten nahi bagenuen behintzat.”

Ez zidan zehazki esan noizko kontuak ziren haiek, baina bere hondar koloreko azalean senti nezakeen atzo gertatu izan balitz bezala jotzen diola oraindik ere bihotzean haize-ekaitzak. Arabieraz deskribatzen die bere seme-alabei euren aitaren etxeko teilatutik nola ikusten den eguzkia sortzen, etorkizuna irudikatu ezin dutenez, amestu behintzat egin dezaten.

“Honera iritsi nintzenean ez zen dena erraza izan, baina zorionez ondo atera zitzaidan guztia eta zoriontsua naiz. Nire haurrak ere guztiz bertakotuak ikusten ditut eta horrek izugarri lasaitzen nau. Baina ia etxean bezala sentitzen banaiz ere, nire bihotzak badaki ni ez naizela hemengoa; nik haize beroa eta eguzkia behar ditut.”

Azken asteetan Tunisian gertatutakoak jakinmin handia sortu didanez, baneukan berriz ere Azzarekin egoteko gogoa, berak dena hobeto argituko zidalakoan. Atzo ikusi nuen azkenean eta ezer azaldu gabe ulertu nuen dena. Begietara begiratu orduko konturatu nintzen, ilunabarra atzean utzi eta Tunisian berriz ere egunak argitu duela.