Barredromoa egingo dute Eibarren asteazkenean

Aurten UEUk 50 urte beteko dituela ospatzeko, Barredromoa Markeskoan ekitaldia antolatu dute Eibarko Korrika Kulturalaren baitan. UEUko bazkide eta lagunek, tartean eibartarrek, zientzia, unibertsitatea eta UEUri buruzko umorezko bakarrizketak eskainiko dituzte saio honetan.
Honako hauek hartuko dute parte: Oier Araolaza, dantzan.eus-eko kidea; Ana Galarraga, Elhuyarreko kidea; Gorka Guenaga, UNI Eibar-Ermuako irakaslea; Josu Lopez Gazpio, kimikaria eta UEUko irakaslea; Mirari Martiarena, komunikazioan aditua; Olatz Perez de Viñaspre, informatikaria; eta Koldo Garcia, genetista eta UEUko zuzendaritzako kidea. Idoia Torregarai UEUko komunikazio-arduradunak aurkeztuko du ekitaldia.
Asteazkenean, hilak 30, egingo dute umorezko bakarrizketen emanaldia, arratsaldeko seietan, Markeskoan. Bertaratu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena komunikazioa@ueu.eus helbidera idatzita.