Barre egiten azkenak...

Barre egiten azkenak... https://www.gaztezulo.eus/albisteak/barre-egiten-azkenak/@@download/image/20119211221Urteberrion_amona_I.jpg
2012/12/13
berria
Aitor Abaroa
Eguneroko legean, goizeko 9:30etan Antzoki Zaharrera. Nork esango luke ordu hauetan jendea zinera animatuko zenik? Bada kazetarientzako paseetan apenas geratzen da besaulkirik libre egunero. Horregatik, gaur harritu egin naiz korrika eta presaka justu-justu heldu eta besaulkien patioan bertan ere lekua sobera zegoela konturatzean. Arrazoia? Batek daki. Argi dagoena baina zera da, aurtengo Zinemaldiko sorpresetako bat izango den filma galdu dutela: Urte berri on amona!



Filmaren nondik norakoak gehiegi azaldu gabe, esan daiteke komedia dena drama izatera pasatzen dela eta drama dena kasik beldurrezko film izaten amaitzen dela. Esnalek ezin hobeto darama ikuslea hiru faseotan zehar, bai erritmoari dagokionez baita irudiaren beraren tratamenduari dagokionez ere. Hala, koloretsua eta argia dena, gris eta ilun bihurtzen joango da, argi-itzalen erabilera dohaitsuarekin.  

Eta aktore taldea ere bikaina. Josean Bengoetxea azpimarratuko nuke, lehen orduan egiten duen kontentzio lana oso ona, baita baina azken ordu erdian burua nola galtzen duen ikusteak ez baitu preziorik. Nagore Aranburu komedian dugu ezagun, baina Eutsi!n paper dramatikoan ondo aritu bazen, oraingoan askoz hobeto dagoela esango nuke. Kontxu Odriozola eta Pedro Otaegi ere ederto, beti ematen duten maila emanez; eta Manex Bengoa umea sorpresa interesgarria, gertutik jarraitu beharko dugu. Aipamen berezia Montserrat Carulla katalanarentzat. Norman Batesek badu ama Euskal Herrian ere! 

'Urte berri on amona!'


Zuz: Telmo Esnal

Akt: Josean Bengoetxea, Nagore Aranburu, Montserrat Carulla, Kontxu Odriozola, Pedro Otaegi, Manex Bengoa.