Baratza Jaia Deustun

Baratza Jaia Deustun https://www.gaztezulo.eus/albisteak/baratza-jaia-deustun/@@download/image/201111239050BARATZA_JAIA_1-azaroak_26-_deustu.jpg
2012/12/13
berria
Azaroak 26an tailerrak, poteoa, bazkaria, Herri Kirolak eta Kontzertuak antolatu ditu duela lau urtetatik Deustuko Gazte Lokalean ortu kooperatibaren aldeko apustua egin duen Baratza taldeak.

Geroz eta ahots gehiago entzuten dira merkatal guneen bidez egiten zaigun elikadura eskaintzaren ereduarekin. Produktu inportatua da nagusi, produktore handiekin egiten da lan, prezioa bezain kalitate baxua eskaintzen duten enpresa handiekin. Bertako baserritarrak baztertuta sentitzen dira eta miseria bat ordaintzen zaie. Pestizida eta produktu kimikoen erabilera, esperimentu transgenikoak... Panorama honen aurrean autogestioaren aldeko apustua egin dute hainbat taldek. Kooperatiba moduan norbere ortua landu, eta ortu horrek ematen dituenetaz elikatu.
Filosofia horrekin ekin zion bere bideari Deustuko Baratza taldeak duela lau urte. Autogestioa, okupazioa eta ekologia dira euren printzipio nagusiak eta asanbladan hartzen dituzte erabakiak. Irekita dituzte ateak bertan parte hartu nahi duen guztiari. Denena da ortuan lantzen dutena eta lana ere denen artean banatzen dute batzorde ezberdinetan (Diruzaintza, Haziak, Materiala eta Komunikazioa) denek hartu behar dutelarik parte txandakatze sistema baten bitartez. Astero biltzen dira eta bi baratza dauzkate martxan.
Larunbat honetarako Baratza Jaia antolatu dute. 11:30etan ume eta gazteentzako tailerrak antolatu dituzte Deustuko Gazte Lokalean: mermeladagintza, txalaparta, murala, margoketa... 13:00etan poteoa egingo dute Hegoaize titiritero taldearekin, eta eguerdi aldean Aranbeti baratzera hurbilduko dira bazkaria bertan egiteko. Arratsaldean Herri Kirolak egingo dituzte bostetatik aurrera eta azkenik Gazte Lokalean Bugatti eta Sermond"s taldeen kontzertuaz gozatu ahal izango da.