Bap!! Dokumentu historikoa

Bap!! Dokumentu historikoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bap-dokumentu-historikoa/@@download/image/35p11-1.jpg
2003/11/07
erreportajea
Bap!! Dokumentu historikoa
Bap laukote andoaindarraren CDa eta DVDa kaleratuko ditu hil honetan Metak disketxeak. Bertan, taldearen zuzeneko azken kontzertua, argazkiak, bideoklip-ak eta beste altxor batzuk bildu dituzte. Bap-en jarraitzaileak dar-dar jarriko ditu disko bikoitzak.

Euskal Herrian punk doinuak pil-pilean zeuden garaian sortu zen Bap (Babarruna eta Aza Popularra) taldea, 1983an.

Bap-en ibilbidea ez zen nolanahikoa izan, makina bat kontzertu eskaini baitzituzten, 1996an, taldea desegin zen arte. Autoekoitzitako maketa bat eta hiru disko utzi zituzten andoaindarrek, musikazale askoren erreferente bihurtuz.

Aurten, taldea sortu zeneko hogeigarren urtemuga beteko da. Hori dela eta, disko bikoitza plazaratuko dute. "Zuzeneko diskoa kaleratzea falta zitzaigun, eta 20. urtemugaren aitzakia hartuta, disko bikoitza kaleratuko dugu.

Dokumentu historikoa da, garai bateko historiaren zati bat da eta: gaztetxeak, mugimendu alternatiboak… Diskoa taldeari amaiera emateko sortu dugu
", dio Eneko Abrego taldeko abeslariak.   

Altxor kutxa bikoitza

Disko bikoitza hilaren 27an kaleratuko du Metak-ek "Bazen" izenburupean. Bitxikeria ugari aurki daitezke bertan. Batetik, CDak taldearen azken kontzertuko 16 kantu bildu ditu. Xabier Ansa zenaren omenez eman zuten azken kontzertua, Bap-en zenbait kantuen hitzak egin baizituen mendizale andoaindarrak. Horrez gain, Hendaian 1993an egindako kontzertu bateko lau kantu sartu dituzte.

Bestetik, DVDan taldearen zenbait klip ikus daitezke: azken kontzertuarena, Esan Ozenkik plazaratutako "...eta bestela ondo" bideo sorta, Galindo, Negu Gorriak eta Esan Ozenkiren auziaren harira eginiko "Bap Man ustelkeriaren aurka", azken horren making of-a, Solidarioren omenezko bideoa… Ez da hor amaitzen, ordea, bitxikerien zerrenda, 1986an kaleratutako maketa, taldearen biografia eta argazki sorta polita ere bildu baituzte DVDan. Taldeko abeslariak berak esana da: "Dokumentu historikoa da diskoa".

Adi ibili, dena den. Izan ere, BAP-eko hiru kide proiektu berri batean buru-belarri sartuta dabiltza. 2004ko hasiera arte itxaron beharko dugu proiektu hori ezagutzeko.