'Bañolet' filmaren lehen aurkezpenak egingo dira Euskal Herriko hainbat tokitan

Paxkal Irigoyen Etxeberri eta Maia Iribarne Olhagaraiek idatzi eta zuzendutako Bañolet filma ikusteko aukera izango dute datozen asteetan Euskal Herriko hainbat udalerritan. Pelikula hau Garazi eskualdeko biztanleekin egindako euskarazko film proiektu parte-hartzailea dela azaldu dute egileek. Eiheralarreko herrian grabatu zuten, 2021eko udan, eta herritarrak aktore jokoan aritu ziren. Gainera, tokiko talde tekniko eta laguntzailea ere izan dute.
Umorea, egoera absurdoak eta poesia nahasten dira pelikulan, eta haurren abenturen bidez, Bañolet herri berria deskubrituko dute ikus-entzuleek. Testuinguru geopolitiko berezi batean eraiki den herri bat asmatu dute, populu zapalduek berriki berkonkistatu duten lurralde batean kokatuz. Hala, herri baten legeak, egunerokotasuna edota bertako biztaleen arteko harremanak berpentsatu eta iraultzeko aukera izan dute zinemagileek, identitatearekiko eta botere harremanekiko gogoeta zabalago bat proposatu nahi nahian.
Hainbat gai jorratzen ditu filmak: gizarte antolaketa berriak, erritualak, kolonizazio harremanak edota haurtzarotik helduarorako pausua. Haurtzaroko begirada hartu dute oinarri, eta haurrak helduen paperean jostatzen diren moduan eraikitzen dira pertsonaia guztiak. Haurren gogoetak eta jokoak erreferentetzat hartuta, herriko bizia ageri da: lana, heriotza, beldurrak, familia, laguntasuna…
Musikak ere badu garrantzia proiektuan eta eurek konposatu dute, sortutako unibertsoari osotasun handiagoa emateko.
Filma ikusteko hitzorduak
Emanaldiak euskara hutsean izango dira, frantses edo euskal azpitituluekin, eta egileak ere bertaratuko dira. Gainera, Maia Iribarne Olagaraik eta Paxkal Irigoyenek kontzertu laburrak eskainiko dituzte proiekzio batzuen ondotik. Hauek izango dira datozen emanaldiak: bihar, hilak 17, Donibane Garaziko Vauban zinegelan, VO + musika emanaldia; larunbatean, hilak 18, Donibane Garaziko Vauban zinegelan, VOSTFR; martxoaren 21ean, Donostiako Koldo Mitxelenean, VO euskarazko azpitituluekin + musika emanaldia; martxoaren 28an, Hendaiako Les variétés zinegelan, VOSTFR; apirilaren 2an, Iruñako Laba espazioan, VO euskarazko azpitituluekin + musika emanaldia; apirilaren 6an, Donapauleko Saint Louis zinegelan, VOSTFR + musika emanaldia; eta apirilaren 27an, Baionako Atalante zinegelan, VOSTFR + musika emanaldia.