BandaBeat.com jaio da, euskarazko musika talde amateurrei zuzendutako sare soziala

BandaBeat.com jaio da, euskarazko musika talde amateurrei zuzendutako sare soziala https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bandabeatcom-jaio-da-euskarazko-musika-talde-amateurrei-zuzendutako-sare-soziala/@@download/image/2011452033BandaBeat.jpg
2012/12/13
berria
Musika bizi bai baina musikaz bizi ez diren talde gazteei zuzenduriko ataria sortu du Azkue Fundazioak, euskarazko edukiak sustatzeko modu berritzailea proposatuz

MySpace eta Last.fm moduko sareen ideiatik abiatuta eratu du Azkue FundazioakBandaBeat.com ataria. Gazteei zuzendua, egitasmoa helburu bikoitzarekin jaio da.
Batetik, hasten eta ikasten ari diren musika taldeen elkargune izan nahi du; eurek elkarren berri izan dezaten eta bandek beren sorkuntza bideratzeko moduak aurki ditzaten.
BandaBeat.com 2009an sortutako Banden Lehia izeneko lehiaketa arrakastatsuan oinarritzen da –50 taldek baino gehiagok eman zuten izena eta 150 abestitik gora erregistratu ziren–, eta hain justu ildo beretik jarraituko dute sare sozial berria etengabe dinamizatzeko. Banden arteko lehiaketa birtualak antolatzea da sustatzaileen asmoa, eta sariak ere banatuko dituzte. Zenbaitetan dirua banatuko dute, baina kontzertuak emateko edo diskoak grabatzeko aukera ere izango dira jokoan.

Euskara mundu zabalean
Bigarren helburuak euskara sustatzearekin du zerikusia. Euskarazkoak ez diren edukiak ere onartuko dituzte, hau da, edozein hizkuntzatan kantatzen duten bandak onartuko dituzte, baina erabiltzaileari antzeko bandak proposatzerakoan, euskarazkoek izango dute protagonismo berezia.
Hartara, munduko edozein erabiltzailek BandaBeat.com atariko musika atsegin badu, euskaraz kantatzen duten taldeak ezagutzeko aukera izango du.