BAIONAKO ZIZPA: "Lortu zenetik ehunaka elkartek erabili dute gaztetxea eta horrek izugarrizko indarra eragiten du!"

Noiz sortu zen?
Zizpa gaztetxea 2016ko abenduan lortu bazen ere, Baionako Gazte Asanblada 2008an sortu genuen. 2014ko urte hondarrean jaso genuen lokal bat izanen genuenaren berri. Hala ere desmartxa administratibo luzeak tarteko, pazientziaz jokatu behar izan genuen gaztetxea estreinatu aitzin. 2015eko abenduaren bukaeran lortu genituen giltzak eta orduan hasi ginen lanean: tindatzen, konponketak egiten... 2016ko urtarrilaren 23an estreinatu genuen azkenean gaztetxea.
Zertarako sortu zen?
Baionako Gazte Asanbladaren helburuak aldarrikatu ahal izateko sortu zen gaztetxea. Guretzat, bitarteko bat besterik ez da. Hala ere, ezinbestekoa baino gehiago, tresna ezin hobea dela uste izan dugu beti, horretarako baldintza nagusi bat jarriz: Autogestioa! Gaztetxeak ahalbidetzen du beraz, asanbladarenak diren helburuak behar bezala betetzea. Hauen artean nagusiena Baionako herria eta bere gazteria dinamizatzea da. Asanbladaren baloreei tiraka: euskara eta euskal kulturaren areagotzea, beti ere Baiona osatzen duten mila koloreekin uztartuz; besta eredu alternatiboen garapena, bertako gazte eszenaren indartzea... Herria dinamizatu nahiak, harremanak lotu eta elkarlanak biderkatzea ere suposatzen du eta zentzu horretan gaztetxea ezinbesteko baldintza da. Lortu zenetik ehunaka elkartek erabili dute gaztetxea eta horrek izugarrizko indarra eragiten du!
Zer zailtasun izan dituzue?
Asanbladak Zizpa gaztetxea lortu zuelarik sekulako arrakasta izan zuen. Noski oso positiboa dela eta baieztatu zuen Baionako hiriak beharrezkoa zuela gaztetxea. Aldiz arrakasta horrek hainbat arazo sortu zizkigun. Konkretuki, inguruko elkarte eta dinamika asko eta askoren eskaerak izaten genituen gaztetxea erabiltzeko eta tailerrak proposatzeko. Astero tailerretatik harago ekimen bat edo bi genituen kudeatzeko hortaz, urte batean eskaerek gaina hartu ziguten eta asanbladak zailtasun handiak izan zituen bere proiektu propioak aurrera eramateko. Garai hartan Gazte Asanbladaren kudeaketara mugatu zen gaztetxea eta ondorioz, Baionako hirian oso gutxi eragiten genuen.
"Asanbladak Zizpa gaztetxea lortu zuelarik sekulako arrakasta izan zuen. Noski oso positiboa dela eta baieztatu zuen Baionako hiriak beharrezkoa zuela gaztetxea. Aldiz arrakasta horrek hainbat arazo sortu zizkigun."
Nola funtzionatzen duzue?
Izandako arazo horien aurrean ezinbestekoa zen barne gogoeta bat egitea eta antolakuntza aldatzea. Gaztetxea lortu genuen unean ostiralero biltzen ginen eta bilkurak askotan 2-3 ordu irauten zituen. Asanbladaren denboraren %80 beste elkarteek gaztetxean antolatutako ekimenen jarraipena egiten edo lokalaren kudeaketa teknikoaz hitz egiten pasatzen genuen. Hortaz, barne gogoeta egin ondoren bi eremu sortu behar genituela iruditu zitzaigun: koordinazioa eta Gazte Asanblada bera. Koordinazioak gaztetxea den tresnaren kudeaketa teknikoa segurtatzen du eta asanbladak bere proiektu propioez hausnartzeko eremua bihurtzen du. Antolaketa horrek bi gauza ahalbidetzen dizkigu, asanbladan denbora gehiago pasatzea gure proiektuak asmatu eta zehazten eta bestetik, bilkuren iraupen eta epealdiak apaltzea, eraginkortasuna handituz.
Zeinek erabili dezake gaztetxea?
Zerbait ekarri dezakeen elkarte orok, beti ere asanbladaren baloreen kontra egiten ez baldin badu. Hortaz, hainbat elkarte pasatzen dira gaztetxetik. Tailerrak ditugu astean zehar eta hortik harago hitzaldi proiekzio edo mahai-inguruak antolatzeko hainbat elkartek erabiltzen dute gaztetxea. Cimade, Diakite, Etiopikoek, BFC, Bizi! Aitzina, Sareina, Aman Komunak eta beste elkarte askok.
Zein da antolatu duzuen ekitaldirik gogoangarriena?
Ekitaldi asko izan dira gogoangarriak. Halere, gaztetxearen inaugurazioaren oroitzapena oso ederra da. Festa ederra izatetik harago bagenekielako gune horrek asanblada zein beste elkarte askorentzat izugarrizko aukerak zabalduko zituela.
Zer sentitu zenuten Berri Txarrak taldeak Beude abestian aipatu zintuztela jakin zenutenean?
Keinu ederra iruditu zitzaigun. Eskertu nahi dugu Berri Txarrak taldea Zizpan jotzeko aukera eskaini izanagatik. Espero dugu etenaldia ez betirako izatea eta laster berriz ikusiko ditugula Euskal herriko hainbat gunetan jotzen eta munduan euskal rocka zabaltzen. Hortaz milesker eta adiorik ez!
Nola ikusten duzue etorkizuna?
Antolaketa berriak perspektibaz jokatzeko aukera ematen digu. Beraz, gogo eta ideia asko ditugu gauzatzekoak eta oso positiboak gara segidari begira.
Zer ekintza, kontzertu eta abar dituzue orain programatuak?
Otsailean zehar asanbladak euskararen hilabetea antolatu du. Bertan hamar ekimenetik gora antolatu ditugu. Horren ondoren erritmoa apalduko dugu berriz proiektu berriak sortzeko denbora hartzeko.
Halere, aipatzekoa Mayi Peloti euskal idazleari egin zaion omenaldia Martxoaren 16an Sareina elkartearekin batera. Martxoaren 17an Oldartu elkarteak antolatutako Mapuche-en inguruko hitzaldia ere oso interesgarria izan zen. Martxoaren 20 eta 21ean Etiopikoek haien programazioaren barne, gaztetxea erabiliko zuten bi egun horiei kontzertu baten bidez amaiera emateko. Eta hortik harago Uztaila bukaeran Baionako festetan Euskal Herriko gazteei dei egiten diegu Baionako Patxa plazan antolatzen ditugun festa alternatiboen gunera hurbiltzeko.