Baionako Korrikaren bukaerarako "festa handia" prestatu du AEK-k

Baionako Korrikaren bukaerarako "festa handia" prestatu du AEK-k Korrika 12:30 aldera iritsiko da eta orduan irakurriko da mezu ezkutua. Jarraian, egun osoko jaia antolatu dute hiriko hainbat gunetan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/baionako-korrikaren-bukaerarako-festa-handia-prestatu-du-aek-k/@@download/image/prentsaurrekoa-Baionako-Azken-besta2.jpeg
2024/03/20
Korrika 12:30 aldera iritsiko da eta orduan irakurriko da mezu ezkutua. Jarraian, egun osoko jaia antolatu dute hiriko hainbat gunetan.
Baionako Korrikaren bukaerarako "festa handia" prestatu du AEK-k

Herriz herri dabil oraindik ere, baina Baionako Askatasun plazan bukatuko da igandean Korrikaren 23. edizioa, 2.500 kilometroko ibilbidea egin ondotik. Lapurdiko hiriburu osoa zeharkatu ondoren, Santizpirita zubitik sartuko da karabana koloretsua. Amaiera-ekitaldia bertan izango da, eta, jarraian, festarako tartea izango da.

Amaiera-ekitaldia Askatasun plazan izango da, herri-etxearen edo udaletxearen parean. Lekukoa 12:30erako iritsiko dela aurreikusi dute eta une horretan jakingo da nor den lekukoaren barruko mezu sekretuaren egilea eta hark irakurriko du mezua. Kanaldude telebistako Pantxika Maitiak aurkeztuko du ekitaldia.

Ekitaldia amaitzean, egun osoko festa izango da Baionan. Hainbat gune izango dira eta publiko mota orori zuzendutako egitaraua prestatu dute. Honako hauek izango dira, besteak beste, egitarauan: Ibil Bedi, Frikun, Anje Duhalde, Xiberoots, Nakar, Kuxkuxtu eta Patxi ta konpainia.

AEK-k berariazko protokoloa ezarri du eraso sexista, arrazista eta homofoborik gabeko eguna izan dadin igandekoa. Bestetik, garraio publikoa erabiltzeko gonbita egin dute eta autoz joanez gero, Ametzondo merkataritza-gunean aparkatzeko gomendatu dute. Bertatik autobusa har daiteke bost minutuan Baionako erdigunera heltzeko. Horrez gain, bakoitzak bere edalontzia eramateko proposamena ere egin dute, eta txartelak edo tiketak bankuko txartelarekin ere erosi ahal izango direla jakinarazi dute. Herri bazkarian jateko txartelak Korrikaren webgunean eros daitezke: http://www.denda.korrika.eus/