Baionako bestak heldu dira!

Baionako bestak heldu dira! Uztailaren 26tik 30era bitarte eztanda egingo du Baionako hiriburuak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/baionako-bestak-heldu-dira/@@download/image/Baionako_bestak_2.jpeg
2017/07/26
albiste-laburra
Uztailaren 26tik 30era bitarte eztanda egingo du Baionako hiriburuak
Baionako bestak heldu dira!

Aurtengo Baionako festen egitarau ofizialak hiriko agintea hartzen duen Leon erregearen 30. urteurrena ospatuko du eta, lehenengo aldiz, hiru elkarte omenduko ditu Herriko Etxeak: Gurutze Gorria, Or Konpon eta Elkarte Nautikoa.

Bestalde, egun bakoitzeko gai banaren inguruan antolatuko dituzte ekitaldiak. Hala, asteazkenean Errobi ibaia izango da ardatz; ostegunean haurrak; ostiralean elkarteak; larunbatean ohiturak eta, amaitzeko, igandean Iruñearen eguna izango da.

Egitarau osoa:  http://www.fetes.bayonne.fr/

 

Gazte Asanbladaren proposamen alternatiboa

Hiriko Gazte Asanbladako kideak, baina, ez datoz bat Herriko Etxeak sustatzen duen festa ereduarekin, “giro frantsesa eta kanpotarrentzako pentsatua” eskaintzen duela diote, “mozkortu eta zernahi egiteko parada ematen duena”. Horregatik, parekidetasunean eta euskaltzaletasunean sakonduko duen programa paraleloa proposatu dute, Patxa plaza topagune izango duena. Gainera, Zizpa gaztetxearen “espiritu eta jarrera kritikoak” zabaldu nahi dituzte.

Horrenbestez, asteazkenean besten irekidura alternatiboa egingo dute (19:00etan) bertsolariek lagunduta. Ostegunerako bertso aperitifa eta poteo feminista antolatu dituzte. Ostiralean, bertsoak 12.00etan eta, gero, Very Smaal, Orcherstra eta Afu nafarrak ariko dira oholtza gainean. Larunbata egun handia izango da, Gazte Eguna, eta Kuartz, Xiberoots, Naughyt J eta DJ Jamesek girotuko dute. Igandean, ixteko, Zizpaperitifa” izango da 10.00etan eta, ondoren, elkartasun-bazkaria Nat&Watsonek alaiturik.