Bai, posible da

Bai, posible da https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bai-posible-da/@@download/image/59p30-1.jpg
2006/01/06
erreportajea
Gaur egungo begiekin begiratuta ezinezkoa dirudi, baina egia biribila da; duela hogeita bost urte, galdera potolo batek eztabaida sutsua sortarazten zuen bertsolari eta bertsozaleen artean: bertsolaria jaio egiten da, edo aitzitik, bertsolaria egin al daiteke? Egun, inork ez du zalantzan jartzen bertso eskolen funtzioa: punta-puntako bertsolari taldea da horren fruitua. 

Ez horren aspaldi, askoren ustez, bertsolaria jaio egiten zen: pertsona batek sortze beretik beste hainbat ezaugarri dituen bezala, berekin ekar zezakeen esaldiak errimatu, bertsoetako neurrietara moldatzen jakin, eta batpatean edozein gairi kantatzeko ahalmena. Bertsolaria jaio egiten dela uste zuten horiei, alferrikako ahalegina iruditzen zitzaien han eta hemen Bertso Eskolak bultzatzen ibiltzea, ume kozkorrei bertsoen mundua erakusteko.

Baina posible da

Aitzitik, beste batzuen ustez, behar bada ez bertsolaria egin, baina posible zen behintzat, umeak bertsoen teknikan eta munduan barneratzea. Gauza asko erakutsi zitezkeen, euskara ahosabaian gozatzearekin batera: bertsoen neurriak, doinuak, bertsoetan arrazoiak emateko teknika, egituraketa….

Hala, batzuen ahaleginari esker, bertsolaritza irakaskuntza munduan txertatu zen. Gipuzkoa eta Bizkaian izan ziren lehen ahaleginak, han eta hemen bertso eskolak sortuta. Eta horien ondotik, eskolarteko txapelketak heldu ziren.

1981ean jokatu zen lehendabizikoa, Gipuzkoakoa. 25 urte igaro dira ordutik, eta urte guztiotan egindako lanaren berri izan nahi duenak, jo dezala "Praka motxetan. Eskolarteko Bertsolari Txapelketak Gipuzkoan 1981-2005" liburura. Liburu horretatik atera ditugu orrialdeotako argazkiak. Merezi du.

Pintinka pintinka

Aipatu liburuan, hauxe dio Imanol Lazkanok, Eskolarteko Bertsolari Txapelketa haiek gogoan: "Bertsolaritza sentitu eta maite duen batentzat, polita da benetan hasiera batean bertsoa osatu ezinik ikusi genituen neska-mutiko haiek, pitinka-pitinka puntako bertsolari izatera nola iritsi diren ikustea. Baina ez da hori bakarrik; hori bezain polita eta garrantzitsua da, nahiz denak puntara ez iritsi, zenbait gaztetxo, irakasle eta guraso lanean ikustea ilusioz gainezka bertsolaritzaren familia bat osatuz".

Hogeitabost urte joan dira. Eta egun, jada inork ez du zalantzan jartzen, bertsotan ikas daitekeela. Bertsolari Txapelketaren finalean, Egaña ezik, finalista guztiak ziren bertso eskolen emaitza: Jon Maia, Sustrai Kolina, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Unai Iturriaga… eta hori, finalerdietan aritutako beste bertsolariekin ere halaxe da. Eta txapelketara aurkeztu gabekoak… posible da, beraz.