Bagoaz Mckinley!

Bagoaz Mckinley! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bagoaz-mckinley/@@download/image/55p48-2_1366375834.jpg
2005/09/02
erreportajea
Orkatz Goenaga
Bagoaz Mckinley!
Maiatzean, Euskal Herriko espedizio bat Alaskara abiatu zen, McKinley (6.194m) menditzarra egitera. Hamar lagunez osatutako espedizioa zen. Ekainean lortu zuten tontorrera igotzea. Hala ere, hamar lagun izanik, denek egin zuten saiakera eta hiru egunetan igo ziren: ekainaren 5ean, 6an eta 13an.

Udaberrian, maiatzaren 24an, Euskal Herriko espedizio bat abiatu zen Alaskako lurraldeetara. Bi asteren ostean, McKinley (6.194m) menditzarraren tontorra egin zuten. Hamar pertsonez osaturiko espedizioa izan zen. Lan handia egin ondoren, ekainean denek igotzea lortu zuten. Espedizioko kideak: Ibarratik, Unai Aizpuru eta Jon Goikoetxea; Tolosatik, Joana Mendez eta Angel Navas; Gasteiztik, Josu Feijoo eta Karlos Gonzalez; Alegiatik, Manu Jouvert; Ordiziatik, Juan Manuel Sarasola eta Jose Javier Sarasola; eta Madrildik, Borja Pascual.

Anchorage-tik, Alaskako hiriburutik, Talkeetna herrira joan ondoren, aeroplanoan jarraitu zuten bidaia. Aeroplano horretatik, paisaia izugarriak ikusi zituzten: eta aeroplanotik miretsi zuten lehen aldiz McKinley-en handitasuna.

Aeroplanoa utzi ondoren, igoeraren zatirik gogorrena hasi zen: oinarrizko kanpamendura materiala eramatea. Leratik tiraka eta motxilan, hirurogeina kilo bizkarreratuta ibili ziren 6 egunez.

Egun pare batez eguraldi onaren zain egon ostean, McKinley tontorrerantz abiatu zen espedizioa. Arista polit baina arriskutsuetatik igo behar izan zuten. Hala ere, ekainaren 5ean Unai Aizpurua tontorrera igo zen. Era berean, ekainaren 6an, Jon Goikoetxea, Angel Navas eta Karlos Gonzalez igo ziren. Ondoren, eguraldi onaren zain egon ostean, ekainaren 13an igo ziren espedizioko beste kideak: Joana Mendez, Josu Feijoo, Manu Jouvert, Borja Pascual, Juan Manuel eta Jose Javier Sarasola.

Unai Aizpurua, espedizioko kideak, argazkien bidez azaldu dizkigu bidaiaren gorabeherak eta bitxikeriak:

1-
Aeroplano txikia eta material asko: "Oraindik ez dakigu nola sartu zitzaigun dena".

2-
Aeroplanoan egindako bidaia izan zen unerik ederrena, paisaia izugarriak ikusi ahal izan zituzten 40 bat minutuz. Aeroplano barrutik ikusi zuten McKinley lehen aldiz, bere handitasunean. Bidaideak beldurra eta harriduraren artean utzi zituen.

3-
Bidaiaren zatirik gogorrena izan zen, lerak prestatu eta oinarrizko kanpamendura joatea. Bi egunetan egitea aurreikusi zuten, 6 egun behar izan zituzten, ordea. Bizkarreko motxila eta leraren artean hirurogeina kilo zeramatzaten. Beraien esanetan "ez zen berehala heldu oinarrizko kanpamentua".

4-
Baldintza gogorrek eraginda, oinarrizko kanpamentuko dendak elurretan eginiko zuloetan jarri behar ziren. Elurrezko zulo horietan, haizeaz eta hotzaz babestea zen helburua.

5-
Eguraldi onak oinarrizko kanpamendutik paisaia ederrez gozatzeko aukera eman zien. Espedizio ugari zeuden han, erromerian irteteko zain.

6-
Mendiaren lehen zailtasuna, arista estua. Gogorra ez izan arren, oso arriskutsua, bi aldeetara mila metroko amildegia baitago. Gainera, Unai Aizpuruaren esanetan, "estatubatuarren xelebrekeriak" ere baziren: aristaren zati errazenetan sokak prest baitzeuden, baina zailenetan ez, ordea.

7-
Garaierako kanpamentutik tontorrerako bidea, mendiaren bigarren zatia. Zati hau bide erraza da, aldapa handirik gabea. Hala ere, azken ordu erdian, arista fin batetik igo behar da. Nekearen ondorioz, eta alde batera 2.500m-ko amildegia dagoela aintzat hartuta, leku arriskutsua bilakatu zen.

8-
Tontorra: Irribarrea, poztasuna, lagunei begiratua, herritarrak gogoan... berotasuna. Nahiz eta ekainaren 6a izan, tontorrean -40ºCko tenperatura pairatu zuten.

Unai Aizpuruaren esanetan: "McKinley oso gogorra eta oso arriskutsua ez bada ere, eguraldiak asko gogortzen du igoera, batez ere hotzak eta haizeak". Eguraldiaren eraginez, bidea zaildu eta gogortu egiten da.