Bagoaz

Bagoaz https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bagoaz-2/@@download/image/alaia_martin_95.jpg
2009/04/03
erreportajea
Alaia Martin
Bagoaz


GAZTEZULOn idatzi nuen lehen aldian, lehen aldiez idatzi nuen. Lehenengoak eta azkenekoak, tartekoak baino garrantzitsuagoak ez zirela aipatuz. Tartekoa interesatu zait beti niri, funtsa. Hasierak eta amaierak, tarteko berriak sortzeko bitartekoak baino ez direlako.

Hauxe da GAZTEZULOn idatziko dudan azken iritzia, hasiera haren azkena, auskalo zeren hasiera. Hitz egin dut beldurraz, politikaz, maitasunaz, egiez, gezurrez… baina egiatan idatzi dut. Espazio aske bat aurkitu dut, eta askatasunez bete, askatasunez irakur zenezaten. Plazera izan da denbora hau, espazio hau, edo koordenada hauek zuekin partekatzea.

Eta denbora/espazio koordenadez ari naizenez, Argentinan nagoela aipatzea zilegi zait. Kaosaren zaporeko eta koloreen usaineko herrialdean. Hemen ezberdina da denbora, eta ezberdina espazioa. Hemen denbora norberaren erritmora doa. Ordularia daramanaren erritmora, ez daramanaren erritmora, arritmikoaren erritmora… Denbora badoa, badator, eta gutxien uste duzunean, itzuli egiten da. Denborak momentuarekin tangoa dantzatzen duela esan liteke, argiago azaltzeko. Pasioz. Eta niretzat hori da balio duena, pasioa. Pasioa sentitzean, pentsatzean eta ekitean. Espazioa ere ezberdina da. Kaleak ez dira korridoreak, kaleak dira. Pertsonen espazioak, ez roboten pasarelak. Jendea egon egiten da, leihotik begiratzen dio munduari telebistatik baino gehiago, jendeak hitz egin egiten du, eta esan ere bai, jendeak entzun egiten du, eta gehiago entzun nahi du. Euskal Herriaz ezer ez dakitenak, lotsatu egiten dira egoera azalduta, egoeraren berri ez izateagatik, eta beti jakin nahi dute gehiago, eta beti bilatzen dituzte irtenbideak, Hego Amerikako herrialdeen egoerekiko loturak... Egoeraren berri dutenak ere badira, eta ez gutxi. Uruguaiko Gloria eta Victoriaren lan ikaragarria da horren adierazle. Gehien hunkitu ninduena, dena den,  Buenos Airesko Plaza de Mayoko ama batek igorritako energia izan zen, Euskal Herrian mezua zabaltzeko eskatu zidan, herri batek aske izan nahi badu, ez dagoela hori geldiarazi dezakeen indarrik, ahaztura eta etsipena direla porroterako aukera bakarrak. Ahazturaz emakume hark beste dakiten pertsona gutxi izango dira. Energia hori helarazi nahi dut, beraz, bere hitzekin: "qué se jodan todos,  sobre todo  ese Zapatero que ahora está con la crisis, está claro que vosotros seréis libres!". Krisian dauden gauza horietan inberti dezagun. Asimilatzerik gabeko maitasuna, zakukada bat itxaropen, askatasuna, batasuna (ene, ez dakit nola ausartu naizen hitz hori idaztera ere) eta ilusioa denentzat!

Muxu txiki bat zuen begi-ninietan.