'Baginen bagara', emakume artisten ikusgarritasun ezari buruzko erakusketa Donostian

'Baginen bagara', emakume artisten ikusgarritasun ezari buruzko erakusketa Donostian Emakumeek egindako lanak jaso, erakutsi, eta hauetako asko ezezagun izatearen arrazoien inguruko hausnarketa bultzatu nahi du San Telmoko erakusketak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/baginen-bagara-emakume-artisten-ikusgarritasun-ezari-buruzko-erakusketa-donostian/@@download/image/Baginen bagara aurkezpena 4.jpg
2021/12/01

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Emakumeek egindako lanak jaso, erakutsi, eta hauetako asko ezezagun izatearen arrazoien inguruko hausnarketa bultzatu nahi du San Telmoko erakusketak.
'Baginen bagara', emakume artisten ikusgarritasun ezari buruzko erakusketa Donostian

Donostiako San Telmo Museoak Baginen bagara. Artista emakumeak: Ikusgarritasun(ez)aren logikak erakusketa prestatu du, martxoaren 13ra arte zabalik egongo dena. Gordailua eta Kutxa Fundazioarekin lankidetzan egin den erakusketak, artearen historian emakume artistek izan duten presentziari buruzko hausnarketa egiten du. Haizea Barcenilla eta Garazi Ansa dira erakusketaren komisarioak.

Pinturan, ehungintzan, zeramikagintzan, ilustratzaile lanetan, jostungintzan zein bestelako sorkuntzetan lan egin duten emakumeak beti izan diren arren, gutxi izan dira Artearen Historiak aintzat hartutakoak. Erakusketaren antolatzaileek adierazi dutenez, "XVIII. mendetik, diziplina sortu zenetik, gabezi honen arrazoiak emakumeen ezaugarriei atxiki nahi izan zaizkie, biologiarekin lotuz: sortzeko ahalmena umeak izatean joaten zitzaiela argudiatuta, edo natura emozionalekoak izanda, arrazoiaren bikaintasunera iristeko ezintasuna zutela baieztatuz. Azken urteotan, ordea, emakume askok egindako lanak ezagutzera eman dira, eta emakumeen arazotzat hartzen zena, Artearen Historiaren arazoa dela argi geratu da. Beraz, zeintzuk izan dira emakumeak baztertzera eraman dituen Artearen Historiaren logikak?". Logika horien barnean museoek eta bilduma publikoek paper esanguratsua betetzen dutela uste dute: "Haiek dira artista batzuen ikusgarritasuna bermatu eta ikerketa bultzatu dezaketenak; aldi berean, haiek dira diskurtso kanonikoak berresteko edo zalantzan jartzeko ahalmena dutenak ere. Mendeetan diskurtso patriarkalaren parte izan ostean, museo asko ari dira egun sistema horretan bete duten rolaren inguruan gogoeta egiten".

Hain zuzen ere, erakusketak emakumeek egindako lanak jaso, erakutsi, eta hauetako asko ezezagun izatearen arrazoien inguruko hausnarketa bultzatu nahi du. Horretarako, hainbat aspektu eta esparru ezberdin arakatu eta aurkeztu dituzte: bildumaren eraketaren nolakotasunak, arte sistemaren legitimazio arauak eta moduak, hezkuntza eta profesionaltasunaren arteko talkak, arte sistema eta historiografiatik euren lana baztertzeko erabilitako tresnak eta sor daitezkeen genealogia berriak. 

Erakusketa asteartetik igandera bisita daiteke, 10:00etatik 20:00etara. Abenduaren 21ean, 24an eta 31n, berriz, 10:00etatik 14:00etara egongo da irekita. Bisita gidatuak ere badira; euskarazkoak astearteetan, 19:00etan, eta larunbatetan, 10:30ean, egingo dituzte. Bisita gidatu bereziak ere antolatu dituzte: abenduaren 16an Haizea Barcellinarekin gaztelaniaz, otsailaren 3an Garazi Ansarekin euskaraz, eta otsailaren 10ean Danele Sarriugarterekin euskaraz. Hirurak arratsaldeko 18:00etan izango dira. Lekua aurrez erreserbatu behar da bisita gidatuetarako. 

Erakusketarekin batera, jarduera-programa ere osatu dute eta erakusketan jorratutako gai nagusi asko landuko dira. Programa osoa, webgunean dago eskuragarri. Horretaz gain, katalogoa ere argitaratu du museoak, Haizea Barcenilla eta Garazi Ansa, Miren Vadillo eta Ane Lekuonaren testuekin.