BAFFEST emakume argazkilarien jaialdiaren lehiaketan parte hartzeko deialdia ireki dute

Emakume Argazkilarien Lehiaketaren zazpigarren edizioaren deialdia abian jarri du BAFFEST Barakaldoko Emakume Argazkilarien Festibalak. Lehiaketak izango du garrantzirik handiena aurten jaialdiaren barruan, emakume argazkilarien sorkuntza-lana sustatu eta ikusarazteko helburuz. Aurrez aurreko harremana eta Espainiako Estatuan argazkilaritzaren esparruan lan egiten duten argazkilarien eta eragileen arteko loturak landu nahi dituzte edizio honetan.
Espainiako Estatuan bizi diren adin nagusiko emakume argazkilariek eta ikus-artistek har dezakete parte lehiaketan. Zeinahi argazkilaritza diziplina, gai edo teknika baliatuta, irudiak hartu eta horiek erabiliz sorkuntza lantzean datzan argazkigintza-molde ezberdinetara zabalik dago deialdia. Aurkezten diren lanak egiten ari diren lanak edo amaitutako lanak izan daitezke, betiere beste lehiaketa batzuetan saririk jaso ez badute.
Carmen Dalmau, Itziar Bastarrika eta Susana Marrek osatuko dute epaimahaia, Nagore Legarretak koordinatuta. Epaimahaiak hogeita hamar lan aukeratuko ditu, eta argazkilariek Donostian, Valentzian eta Madrilen aurkeztuko dituzte lanok. Epaimahaiak hiru lan aukeratuko ditu ikustaldi bakoitzean eta bederatzi lan horiek urriaren 8an aurkeztuko dira, Barakaldon egingo den BAFFEST Argazki Eguna ekitaldian. Epaimahaiak emakume argazkilari baten lana aukeratuko du, eta horixe izango da BAFFEST 2022 Emakume Argazkilarien Lehiaketaren irabazlea. Irabazleak 2023ko edizioan parte hartuko du jaialdiak ekoiztuko duen banakako erakusketa batekin. Era berean, 500 euroko ordainsaria jasoko du.
Euskal emakume argazkilari onenari ere saria emango diote –Barakaldo Saria, 300 eurokoa− eta haren lanek lekua izango dute 2023ko jaialdian. Jaialdiko irabazlea euskal argazkilari bat bada, epaimahaiak bigarren lan bat sarituko du, egilearen jatorria zeinahi delarik. Gainera, bederatzi finalistek 150 euroko laguntza jasoko dute Barakaldora joan eta urriaren 8an lana aurkez dezaten.
Parte hartzeko formularioa bete eta bidali egin behar da apirilaren 17rako. Honakoak bidali beharko dira formularioaren bidez: biografia edo CV laburra, aurkeztu nahi den proiektuaren izenburua eta deskribapena, proiektuaren irudiak, argazkilariaren datuak, eta txostena. Oinarriak hemen daude kontsultagai.