Badator VII. Gutun Zuria jaialdia

Badator VII. Gutun Zuria jaialdia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/badator-vii-gutun-zuria-jaialdia/@@download/image/gutun_zuria_1392716352.jpg
2014/02/18
berria
Martxoaren 27an hasi eta apirilaren 6ra bitarte, Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiaren zazpigarren edizioa egingo dute Alhondegian. Matxalen Bilbaoren ‘Self’ ikuskizunarekin abiatuko dute programazioa, eta letrak ez ezik, beste hainbat arte diziplinaz gozatzeko aukera izango da aste eta erdiko epean.


Urteen poderioz mundu mailako erreferente bilakatu da Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdia. Aurten, esaterako, Gao Xingjian (2000), Orhan Pamuk (2006) eta Herta Müller (2009) literatur Nobel saridunak bertan izango dira Ramon Saizarbitoria, Juan Goytisolo edo Claudio Magris bezalako idazleekin batera, eta erregimen totalitarioen kartzela fisiko eta buru barrukoak izango dituzte aztergai, baita biztanle-mugimenduak ere.

Izan ere, jaialdiaren ardatza mugako kontakizunak izango dira aurtengoan. Lydia Cachok eta Sergio Gonzalez Rodriguezek, esaterako, Mexikoko mugetan ematen den emakumeen aurkako indarkeriaren testigantzak ekarriko dituzte.

Ekitaldiak
Egitaraua, beraz, martxoaren 27an abiatuko dute, osteguna, 19:30ean Matxalen Bilbaok aurkeztuko duen Self ikuskizunarekin. Inaugurazio ekitaldiaren ostean, 20:00etan, Herta Müllerren solasaldiaren txanda helduko da, Cecilia Dreymullerekin batera, eta 21:30ean, egunero bezala, irakurlearen ordua abiatuko dute, kasu horretan, Müller berarekin.

Hala, apirilaren 6ra bitarte, hilaren 1ean izan ezik, Euskal Herriko edo nazioarteko idazleekin aurrez aurre egoteko aukera izango da egunero, eta horiez gain, musika eta zinea barnebiltzen dituzten piezak ere aurkeztuko dituzte, hala nola, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarik, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabalaen Jainko txiki eta jostalari hura ikuskizuna eta Bilboko Koral Elkarteko Euskeria Abesbatzaren emanaldia, edota Gao Xingjianen Le deuil de la beauté filma.

Apirilaren 2an, halaber, haurrentzako Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute.