Badator Nazioarteko Trikitixa Jaialdia

Badator Nazioarteko Trikitixa Jaialdia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/badator-nazioarteko-trikitixa-jaialdia/@@download/image/trikitixajaiald_1385464545.jpg
2013/11/26
berria
Datorren larunbatean, azaroak 30, Nazioarteko Trikitxa Jaialdiak hartuko du Getxoko Areetako Andres Isasi Musika Eskola. Aurreko urteetan bezala aurtengo edizioaren helburua ere trikitixa estilo desberdinak uztartu eta ezagutzeko topagunea bilakatzea izango du jaialdiak.


Arratsaldeko 19:00etan abiatuko da datorren larunbatean Bizkaiko Trikitxa Elkarteak, Getxoko Udalarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatzen duen Nazioarteko Trikitxa Jaialdia.

Iaz Tejedor, Mirabel, Tapia eta Leturia, Agurtzane eta Ion Elustondo eta Ruben Isasi aritu baziren, aurten, Irlandako David Munnelly, Artur Fernandes portugaldarra eta Alboka Tropik, Gari eta Iñaki eta Maixa LIzarribar eta Alaitz Telletxea euskaldunak nagusituko dira.

Antolatzaileek, gainera, jaialdia bukatuta Trikitijaia antolatu dute Algortako The Piper's tabernan. Aldats taldeak eskainiko duen erromeria ez galtzeko antolatzaileek doako autobus zerbitzua jarriko dute, musika eskolatik tabernara.

Sarrerak azaroaren 18tik salgai daude BBK eta Algortako Kultur Etxean eta egunen bertan, jaialdia hasi aurretik ere eskuratu ahal izango dira Andres Isasi Musika Eskolan.

Nazioarteko Trikitixa Jaialdiaren bezperan, gainera, azaroaren 29an, jaialdian parte hartuko duten atzerriko musikariek trikitxa ikastaroa eskainiko dute 18:00etatik aurrera Algortako Villamonteko Kultur Etxean. Ikastaroan trikitilari hoberenekin elkartu eta parte hartu nahi duen guztiak gaur –azaroak 26– du bizkaia@trikitixa.net helbidean izena emateko azken aukera.