Badator Mukuru jaialdia!

Adi! Euskal Herriko hainbat talde eta musikari biltzen dituen Mukuru kolektibo sortu berriak jaialdia ospatuko du larunbat honetan, urriaren 13an, Errenterian. Bertan topatuko dituzu Paxkal Irigoien, Hatxe, Txost!, Kaskezur, Klak!son, Muskulo, Peru Galbete, Seitan, Isuo ta Kezman, Nigara Zuek eta Iturria.
Sekulako plana antolatu dute egun guztian zehar: goizez, Mikelazulo elkartean, Bidehuts, Erraia, Musikazuzenean eta Taupaka elkarteko ordezkariek musika eszenaren egoeraz solasaldia egingo dute. Arratsaldean hasiko dira emanaldi musikalak, 18:00etatik aurrera: Nigara Zuek, Paxkal Irigoien, Seitan, Isuo ta Kezman, Peru Galbete, Iturria eta Hatxe.. eta gauean, Niessen aretoan Txost!, Klak!son eta Muskulo taldeek joko dute.
Indarrak batuz, sorkuntzak zabaltzeko asmoz sortu dute Mukuru. Euskal herrialdetako herri ezberdinetako talde eta bakarlariek osatzen duten kolektiboa dira. Musika industria hegemonikoari «alternatiba bat» eskaini nahi diote, sortzailearen eta publikoaren arteko harremana gertukoa eta horizontala izanik. Eskaintzen duten musika bihotzetik egina da, elkar lagunduz, maitatuz, goxatuz, gozatuz… Helburua esperientziak konpartitzea, elkar elikatu eta elkarrengandik ikastea dira. Ez galdu kolektibo hau ezagutzeko aukera!