Badator Gazte Danbada!

Badator Gazte Danbada! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/badator-gazte-danbada/@@download/image/gaztedanbada2_1361352650.jpg
2013/02/19
berria
Badator Gazte Danbada!
Ongi markatu zeuen buru, bihotz eta agendetan: martxoaren 29, 30, 31n eta apirilaren 1ean, Urduñan.

"Izan gazte, izan aske, izan zaitez burujabe". Horixe Danbadak Euskal Herriko gazteei luzatu dien deia, "elkarrekin landu, elkarrekin sortu, elkarrekin amestu, zurrunbilo bilakatu!"... eta, zurrunbiloaren erdigunean, aurtengo udaberrian, Urduña. 
Bizkaiko udalerri txikiak gazte festa handia hartuko du lau egunez. Batu, auzolanean eztabaidatu, gozatu, ikasi eta elkartrukatzeko orduak izango dira, "gazte antolakunde berri bati ongi etorria emateko modu paregabea!"
Ohi bezala, tailerrek, hitzaldiek, mahainguruek, antzerki saioek, kale animazioak eta kontzertuek osatuko dute egitaraua, baina, jaso ez ezik, Gazte Danbadara lotzen direnek euren ekarpena egin dezaten ere nahi dute antolatzaileek eta, horregatik, proposamenak eta iradokizunak jasotzeko txokoa sortu dute Sarean.
Hurbiltzeko asmoa baduzu, eskuratu lehenbailehen zure bonoa 45 euroren truke, eta akanpalekurako, dutxetarako nahiz kontzertuetarako sarrera librea izango duzu.

Ikasi eta kontatu, ikusi eta entzun
Orotara hamahiru tailer ezberdin izango dituzue aukeran. Batzuk zeharo artistikoak, zirkura, antzerkira edota mural eta plantillagintzara bideratutakoak kasu. Bideo edizioa eta irratia ere landu ahal izango dira; elikadura subiranotasuna, sukaldaritza eta produktuak enbotatzea ere bai. Bestalde, zero zabor ikastaroa proposatuko dute, desobedientziaren gaia ere ekarriko dute, xamurtasun tailer bat izango da sexologa baten eskutik, eta maskulinitateaz hausnartuko dute.  Jakinmin mota guztiak asetzeko moduan, beraz. 
Era berean, orduak eta orduak blagan, mundua konpontzen gozatzen duten horientzat, hainbat solasaldi aurreikusi dituzte: auzolanari buruzkoa, borroka molde ezberdinen inguruko eztabaida, jai ereduari buruzko gogoeta, gazte problematika ere izango da hizpide, sendabelarrak baita ere... Gainera, gonbidatu bereziak ekarriko dituzte hitzaldiak ematera, tartean, Nekane Jurado ekonomilaria, Bilboko Okupazio Bulegoko kideak, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko ordezkari bat eta Lapiko Kritikoa proiektuko partaide bat, besteak beste.
Udaberriroko gazte hitzordu hauetan ezinbestekoa da musika, eta musikarik ez da faltako, guztira 22 talde igoko dira-eta Urduñako eszenatokira. Gose, Leihotikan, Anai-arrebak, Matxura, Gatibu, Itziarren Semeak, Ze Esatek!, 121 Krew, On, Arkada Social eta 2Zio dira horietako batzuk, eta noski, baita Gazte Danbadarako abestia konposatzeaz arduratu den Iheskide laukote bizkaitarra ere. Zuzenekoez gain, halaber, euskal kantagintzaren historia ezagutaraztea helburu duen ikuskizun partehartzailea gidatuko du Andoni Morauk.