Badator Expogrow Kalamu azoka!

Badator Expogrow Kalamu azoka! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/badator-expogrow-kalamu-azoka/@@download/image/expogrow-feria-_1375865605.jpg
2013/08/07
berria
Asteburu honetan, hilaren 12tik 14ra, nagusituko da bigarrenez Irungo Ficoba erakustazokan Expogrow, Europako Kalamu azokarik handiena. Guztira, sektoreko 200 aditu eta marka baino gehiago bilduko dira eta gizarte foroaz, musika jaialdiaz eta beste hamaika ekitaldiz gozatu ahal izango du bertaratzen den guztiak.


2012an antolatu zuten lehen aldiz Expogrow eta, guztira, 16.000 lagun gerturatu ziren Irungo Ficobara. Aurtengoan azokak hiru egun iraungo ditu, eta dagoeneko egitarau zabala itxi dute antolatzaileek.

Kalamuaren normalizazioa ardatz nagusia izaki, azokaren lehen bi egunetan –irailak 13 eta 14– Kalamuaren Nazioarteko Gizarte Foroak estreinatuko du egitaraua. Azokaren lehen ediziotik bigarrenera landarearen inguruko ikerketak ugaritu direnez gero, politika alternatiboak eta nazioartean zabalik dauden eztabaidak berreskuratuko dituzte sail honetan.

Gizarte Foroen partaideen artean azpimarratzekoak dira, besteak beste, Araceli Manjón-Cabrera Zuzenbide Penaleko irakaslea Drogei buruzko Plan Nazionalean; Ben Dronkers, Sensi Seeds munduko lehenengo hazi-banku eta The Hash Marihuana & Hemp Museumen sortzailea; Gary Potter, London South Bank Universityko Kriminologiako irakaslea; eta Paul Stanford, The Hemp & Cannabis Foundation-eko presidentea eta THCF Medical CLinics/Presto Quality Care-ko presidentea.

Musika Jaialdia
Kalamuaren inguruko hitzaldi, eztabaida eta erakusketaz haratago, aisiak tartea edukiko du aurtengo edizioan, irailaren 14an egingo baitute Expogrow Musika Jaialdia. Dub eta reggae jamaikarraren aitak, Lee Scratch Perry eta Mad Profesorrek, eskuratuko dute zalantzarik gabe aurtengo protagonismoa, eta Sinsemilia, Miguel Caamaño, Guaka eta Berri Txarrak taldeak ere igoko dira agertokira.

Sarrerak

Azoka ikusteko egun bakarreko sarrerak 12 euro balio ditu eta bi egunekoak, berriz, 22. Irailaren 14ean izango den musika jaialdia ikusteko 25 euroko sarrera ordaindu beharko du bertaratu nahi duenak eta, aldiz, azoka eta musika jaialdia ikusi nahi duenak 30 euroko bonoa erosi dezake. Baina, adi! Bost sarrera bikoitz baititugu irakurleen artean zozkatzeko. Aukera hau galdu nahi ez baduzu orain duzu azken aukera: eman izena webguneko 'Lehiaketak' atalean eta zure izena gure zozketa zakuan sartuko dugu. Zorte on!

Musika Jaialdia (egitarua):


Irailak 14, larunbata:

19:00 Dj Miguel Caamaño (Rne3, Alma de León)
20:30 Guaka
21:30 Sinsemilia
22:35 Expogrow 2013, sari banaketa
23:30 Lee Scratch" Perry with Mad Profesor
00:45 Berri Txarrak
02:15 JSK Juantxo Skalari & The Rude Band