Badator Euskal Herria Zuzenean jaialdia

Badator Euskal Herria Zuzenean jaialdia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/badator-euskal-herria-zuzenean-jaialdia/@@download/image/ehz_18_1_1360926853.jpg
2013/02/15
berria
Ekainaren 28an, 29an eta 30ean egingo dute aurten EHZ jaialdia Lekornen. Pasa den urtean bezala, 60 emanaldiko jaialdia egingo dute hiru egunetan eta adi egon, GAZTEZULOn sarrerak baititugu irakurleen artean banatzeko!


Aldaketen edizioa izanen da aurtengoa. 1996an sortu zen eta lehen zortzi edizioak Arrosan egin zituzten, 2003an Idauze-Mendira mugitu arte. Azken lau urteetan, berriz, 2008tik 2012ra bitarte, Heletan izan da Euskal Herria Zuzenean.

Iaz 60 emanaldi antolatu zituzten hiru egunez Baxe Nafarroan eta aurten ere ez dira atzean geratuko. Aurten, berriz, Lekorne izango da agertokia eta hilabete baino guttiago falta den honetan dagoeneko iragarri dute egitarau osoa. Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren 18. edizioko nazioarteko izarra Jimmy Cliff, Jamaikako reggae kantaria, izango da eta otsailean iragarritako Fermin Muguruza, Zuloak, Belako, Herri Oihua eta Iheskide taldeekin batera, Alice Francis, Gull, Wombo Orchestra, Polygorn musikariak ere igoko dira agertokira, besteen artean.

Arrosako garaietara gerturatuko da aurtengo edizioa eta antolatzaileek azpimarratutakoaren arabera aldaketak bizituko ditu jaialdiak aurten. Besteen artean festibalaren kanta berezia eginen zuen Willis Drummond taldeak Fermin Muguruzarekin batera.

Sarrerak:


Sarrerak salgai daude dagoeneko antolatzaileen webgunean. Ostiraleko eta larunbatekoek 25 euro balio dituzte eta igandeokak, berriz, 17. Hiru egunetarako bonoa eskuratu nahi duenak, aldiz, 55 euro ordaindu beharko ditu. Baina adi egon gazte, GAZTEZULOn egun bakoitzeko sarrera bikoitza zozkatzen baitugu. Aukera galdu nahi ez baduzu ibili bizkor eta eman izena 'Lehiaketak' ataleko zozketetan!