Badator Donostiako Aste Nagusia

Badator Donostiako Aste Nagusia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/badator-donostiako-aste-nagusia/@@download/image/20128103544piratak_kartela_osoa.jpg
2012/12/13
berria
Larunbat honetan udaletxetik jaurtiko duten kanoikadarekin hasiko da Donostiako Aste Nagusia, eta zortzi egunez jai giroan mugilduko da Gipuzkoako hiriburua. Aurtengoan Donostiako Piratek abestuko dute 'Artillero', baina hala ere, beren ohiko egitaraua mantendu eta festei hasiera emateko txupinazo gaua prestatu dute La Flamenkan. Aurten, gainera, Dj gunea jarriko dute Nautikoan.

Donostiako Piratek10. urteurrena dute, eta ospakizun bereziaren harira, haiek bilakatu dira Aste Nagusiko protagonistak. Urte osoan zehar hainbat ekimen antolatu dituzte, hala nola, 5. Musika Lehiaketa, Koadrila Eguna, eta egitaraua osatzen laguntzeko Biltzarrak.

Azkenik, abuztuarekin batera, iritsi da Aste Nagusia. Donostiako kaia Piraten gune bilakatuko da, kontzertuak, txosnak, jolasak eta bestelakoak ez baitira faltako La Flamenkan. Eta berrikuntza moduan, Nautikoan Dj gunea jarriko dute zortzi egunez.

Portutik, hain zuzen, irtengo dira astelehenean Abordaian parte hartuko duten ehunka piratak. Orotara, 450 koadrilak izena eman dutela jakinarazi dute antolatzaileek, eta bataz beste 4.500 lagun irtengo direla. Dagoeneko itxi dute izena emateko epea, eta nork bere txalupak prestatzeko txandak ere banatu dituzte. Halaber, bazkari herrikoia prestatuko dute San Telmon.

Hurrengo egunetan ere ez da ekintzarik faltako: piraten bertso asanblada astearten, jolasak asteazkenean, pintxo hotzen lehiaketa ostiralean…

Baina 1.000 pertsonentzako jolasak antolatzeak, 4.000 laguntzeko abordaia prestatzeak, eta gainerako egitaraua osatzeak ikaragarrizko lana eskatzen du, eta hori dela eta, Eskifaia izeneko kofradia sortu dute aurten Piratek. Bertan Donostiako koadriletako ordezkariak bildu daitezen nahi dute, guztien artean errazagoa baita lagun askorentzeko ekintzak antolatzea.

Beraz, Aste Nagusi honetan, lotu gurenaga eta aska ditzagun amarrak! Izan Pirata!

Eskifaia


Koadriletako ordezkarien kofradiak antolatutako ekintza guztiak jakin nahi badituzu, sartu hemen.

Kontzertuak


Saguesen ere ez dira kontzertuak faltako aste osoan zehar. Gaueko 23:45etatik aurrera, suen ostean, hasiko dira, eta Zea Mays eta Doctor Deseo izango dira lehenak larunbatean. Igandean, gainera, Esne Beltza taldekoak igoko dira taula gainera, eta asteartean La Fuga.
Egitarau osoa jakin nahi baduzu, sartu gure Agendan.

'Izan Pirata' dokumentala


Hamargarren urteurrena aitzakiatzat harturik, Donostiako Piratek gaur arte egin duten ibilbidea islatzen duen dokumentala prestatzen ari dira, Izan Pirata. Pixkanaka beren webgunean argitaratuko dituzte irudiak, eta oraingoz trailerra jarri dute ikusgai.