Badator Crossover telesailen jaialdia

Badator Crossover telesailen jaialdia Maiatzean bertan behera geratu ostean, urriaren 1, 2 eta 3an egingo dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/badator-crossover-telesailen-jaialdia/@@download/image/poster-A3-crossover-2020web-scaled.jpg
2020/09/29
berria

Ane Urrutikoetxea

Maiatzean bertan behera geratu ostean, urriaren 1, 2 eta 3an egingo dute.
Badator Crossover telesailen jaialdia

Ostegunean hasiko da Crossover telesailen jaialdia; maiatzean bertan behera geratu zen koronabirusaren ondorioz, baina azkenik, jaialdia egingo dute urriaren 1, 2 eta 3an. 

Jaialdia ostegunean hasiko da, 19:00etan, Koldo Mitxelena kulturunean, eta telesailen kulturan gero eta sarriago ateratzen den eztabaida bat jorratuko da. "Gure aukeren gainetik estreinatzen al dira telesailak?" izenburupean, gaur egungo eskaintzaren gorakada handia izango da solasaldiaren ardatza, eta horrek ekoizpenen kalitateari eragiten dion ala publikoak interesatzen zaiona errazago aurkitzea ahalbidetzen duen aztertuko da. Hiru arlotako hiru gonbidatu ezagunek parte hartuko dute, bakoitzak telesailekiko bere zaletasuna oinarritzat hartuta: Mikel Erentxun musikariak, Ander Gonzalez sukaldariak eta Mariasun Quiñones Realeko atezainak.

Ostiralean, Lucia Lijtmaer eta Isa Calderon izango dira gonbidatuak, Deforme Semanal formatu arrakastatsuaren sortzaileak, antzokiak lepo betetzen dituen umorezko showa eta late night feminista kutsuko programa politiko-kultural borrokalaria. Atal honetan, emakumeek sortu, idatzi, ekoitzi eta protagonizatutako telesailen gorakadaz arituko dira. Solasaldia Beatriz Martinezek gidatuko du eta Koldo Mitxelenan izango da 19:00etan.

Amaitzeko, larunbatean, zenbait ekitaldi egingo dira Tabakaleran. Aurrena, "Euskaraz ere bai" izango da 12:30ean Kutxa Kultur Plazan, eta Angel Aldarondo, Maddi Castro eta Jon Plazaola izango ditu solaskide, Maitena Salinas moderatzaile dutela, eta 2020an abian jarritako telebistako fikziozko proiektu berriak aztertuko dituzte, hala nola Alardea, Hondar ahoak eta Iheslariak.

17:30ean, Tabakalerako Z Aretoan, Paula Hergar eta Lorenzo Mejinok La vuelta al mundo en 80 series liburuaz hitz egingo dute; telebistako jakinduria globalaren laburpen bat da, fikzio eta plataforma ezagunenetatik haratago doana, non 80 herrialdetako errealitatera hurbiltzen diren, herrialde bakoitza hobekien islatzen duen telesailaren bidez.

19:00etan, Z aretoan bertan, Lost telesailari omenaldia egingo zaio, bukatu zela hamar urte betetzen diren honetan; bere garaian mundu mailako fenomenoa bihurtu zen eta telebistaren eta interneten arteko harremanean mugarri bat izan zen zalantzarik gabe. Alberto Nahum, Alberto Rey eta Marina Suchek J. J. Abrams eta Damon Lindelofek sortutako telesaila izango dute eztabaidagai, Harri X. Fernández moderatzaile dutela; belaunaldi oso bat egon zen erabat liluratuta telesailaren narratibarekin, pertsonaiekin eta intrigazko tramekin.

Jardunaldia 20:30ean amaituko da Z aretoan, Friends eta Sexo en Nueva York "aurrez aurre" jarriko dituen norgehiagokarekin. Telesailen Urrezko Aroa deiturikoaren bi fikzio giltzarri dira, eta berehala bihurtu ziren pantaila txikiko klasiko, gaur egun oraindik mundu osoan milioika zale dituzte. Paula Hergar, Alberto Nahum, Alberto Rey eta Marina Such arituko dira buruz buru telesail bat edo bestea defendatzen.

Crossoverreko jarduera guztiak doan izango dira, edukiera bete arte, eta segurtasuneko eta higieneko protokolo eta neurri guztiak beteko dira.