Badator Arabatakada!

Badator Arabatakada! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/badator-arabatakada/@@download/image/arabatakada_201_1399367351.jpg
2014/05/06
berria
2012an hamarkada ospatu zuten eta, iazko isilunearen ondotik, indartsu dator aurten euskal unibertsitateen aldeko festa Gasteizko Mendizabalara. Urtero legez, egun osko jaia prestatu dute eta kontzertuetan ariko diren talde interesgarriek borobilduko dute eguna.


Aurreko edizioetako arrakasta ikusita, aurten ere goizeko 11:00etan abiatuko dira fakulteen arteko olinpiadak. Oraindik izena eman ez baduzu garaiz zaude, atzo –maiatzak 5– zabaldu baitzuten epea eta maiatzak 8ra bitarte luzatuko da, letren fakultateko kafetegian, Garraxi tabernan eta arabataka@gmail.com helbidean izena emateko aukera.

Olinpiadak amaituta, 14:00etan, bazkaria egingo dute eta 18:00etatik aurrera kontzertuen txanda helduko da Gasteizko Mendizabalara. Aurreko edizioan, Gose, EH Sukarra, Kaotiko, Betagarri, Hesian eta Tximelete aritu baziren, aurten, AFU, Glaukoma, Izaki Gardenak, Gatibu, Ze Esatek! eta Las Tea Party DJ's igoko dira agertokira.

Sarrerak salgai daude oraindik, 10 eurotan aurretik erosiz gero, eta 12 eurotan aldiz, bertan erosita. Baina adi, guk bi sarrera bikoitz baititugu irakurleen artean zozkatzeko. Hortaz, ibili bizkor eta eman izena!