Badakizu zenbat azukre kontsumitzen duzun?

Azukrearen aurkako gerrak eztanda egin du, eta galtzen ari gara. Zergatik? Ez garelako kontziente egungo elikagaiek duten azukre kopuruaz. Kafea edo tea hutsik hartzea, jogurtean azukrerik ez botatzea edota gehitutako azukrerik gabeko produktuak kontsumitzeak ez gaitu hiltzaile zuriaren eraginaz libratuko. Errealitatean, jaten dugun ia guztiak dauka azukrea, kopuru handiago edo txikiagoan.
Guda latza da; alde batetik, azukre guztien arriskuaz ohartarazten dute osasun elkarteek, eta bestetik, Zumosol bezalako produktuen egileek beren burua defendatzen dute, azukre guztiak ez direla berdinak aldarrikatuz. Eta nola asmatu behar du orduan kontsumitzaileak?
Azukrea existitzen da naturan
Fruta gozoa bada, barruan duen azukreagatik da; sakarosa eta fruktosa nahastean sortzen da zapore gozo hori. Hain zuzen, azukre prozesatua hainbat barazki eta frutetatik eskuratzen da. Horregatik, kontsumitzen dugun azukre guztia ez da txarra gure osasunarentzat; zuzenean naturatik badator, aurrera!
Azukre industrialak epidemia bat eragin du
Zoritxarrez, industriak droga bat aurkitu du azukrean; 70eko hamarkadan masiboki hasi ziren azukrea txertatzen prestatutako elikagai guztietan, eta hala, menpeko bihurtu gaituzte. Argi izan behar dugu kanpoan bazkaldu eta pizza, hanburgesa edo antzeko jaki ba irensten dugunean, sekulako azukre pila sartzen ari garela gorputzean. Eta baita alkoholarekin, prestatutako fruta zukuekin, gozo industrialekin, marmelada edota bestelako saltsekin... eta ez, produktu dietetikoak ere, ez dira libratzen.
Eta zer gertatzen da azukre naturala duten elikagai prozesatuekin?
Hemen ezkutatzen da tranpa handiena; aurrez prestatutako zukuak, nahiz eta erabat naturalak izan, frutaren zuntza galtzen dute; hala, frutaren berezko azukrea kontsumitzen dugu zuntzik gabe, eta beraz, azukre kopuru hori kaltegarri bihurtzen da gure gorputzerako.