Badakizu ze taldek joko duten Plateruenan?

Adi aurten Plateruena beteko duten izenei: Esne Beltza, Huntza, Anestesia, Modus Operandi eta Olatz Salvador arituko dira Durangoko Azokaren 53. edizioan: Hala, urtero bezala, sekulako giroaz gozatzeko aukera izango duzue Landako eta gainontzeko guneetako ateak itxi eta berehala.
Gerediaga Elkarteak jakinarazi duenez, Plateruenako egitaraua abenduaren 5ean hasiko da, Ikasle Egunean, Huntza taldearekin.
Bigarren egunean, abenduaren 6an, euskal musikaren izen handienetako baten txanda helduko da: Esne Beltza.
Abenduaren 7an Modus Operandi talde berriaren kontzertua izango da. Talde berria den arren, taldekideak ibilbide luzekoak dira. Iñaki Ortiz de Villalba Betagarri taldeko abeslariaren proiektu berriak Lauroba eta Vendetta taldeetako musikariak batu ditu, ska musika eta fusioa lantzeko.
Hurrengo egunean Anestesia igoko da eszenatokira. Adi, sarrerak dagoeneko eros daitezke Plateruena webgunean (aldez aurretik 10 euroko prezioan, bertan 12 eurotan).
Azkenik, Azoka amaitzeko proposamen «lasai eta intimoagoa» izango da abenduaren 9an. Olatz Salvadorrek Zintzilik bere lehenengo diskoa aurkeztuko du, eta sarrera doakoa izango da.
Huntza, Esne Beltza eta Modus Operandi taldeen kontzertuetako sarrerak aurrerago egongo dira salgai.