Badakizu supermerkatuetan zergatik dagoen musika une oro jarrita?
Supermerkatutako korridoreetan zehar zabiltza, kontzentratuta, erostera joan zaren ezer ez ahazteko. Bat-batean, kontzentrazioa galtzen duzu, lokalean dagoen musikara joan zaizu arreta, sekula ez zinen orain arte ohartu musika jarrita egoten dela. Ez da kasualitatea, musika hori ez dago jarrita supermerkatuetako jabeak melomano porrokatuak direlako. Supermerkatuan denbora gehiagoz egon zaitezen erabiltzea da musika, manipulazio teknika moduan. Beraz, litekeena da, behar duzuna baino gehiago erosten amaitzea.
Eta funtzionatzen du. Edo behintzat hori dio berriki Journal of Marketing Research aldizkarian argitaratu den ikerketa batek. Ikerketa horretan, autoreek, Stockholmeko supermerkatu ezberdinetako 150.000 bezeroren erosketa prozesuak aztertu zituzten. Hiru astetan zehar, supermerkatu horiek batzuetan musika jarrita edukitzen zuten eta besteetan ez. Emaitza? Bezeroek, musika jarrita bazegoen, zortzi euro gehiago xahutzen zituzten melodia lasaigarriengatik erosoago sentitzen zirelako. Hori bai, musikaren eragina astelehenetik ostegunera nabaritzen zen, beste egunetan ez.
Carl-Philip Ahlbom-ek, ikerketaren arduradunetako batek, dio "astean zehar pertsonek denbora gutxi izaten duten eta askok erosketak lan egun luze baten ondoren egiten dituzte, horregatik mentalki eta fisikoki nekatuagoak daude. Hori dela eta, arrazoinamendu aktiboak ez du horrenbeste lan egiten eta prozesamendu intuitiboa nagusitzen da. Baldintza horietan, musika lasaigarriak sekulako eragina du gure garunean". Asteburuetan, lasaiago eta zoriontsuago garenetan, musika berdinak ez du eragin handiegirik.
Supermerkatuek ondo ezagutzen dituzte efektu hauek. Baita, gu manipulatzeko, beste hainbat teknika ere. Adibidez, musikak bolumen baxuan egon behar du, tempo motela izan eta akorde minorrak eduki. Hau da, jendeak gehiago erosten du abesti motelak eta tristeak entzutean dituenean. Gainera, negozio hauen jabeek badakite zein abesti aukeratu dendaren esperientziarekin konektatzeko. 1993ko ikerketa batek frogatu zuenaren arabera bezeroek ardo garesti gehiago erosten zituzten musika klasikoa jarrita zegoenean. Beraz, behar baino gehiago xahutu nahi ez baduzu egin erosketak asteburuan edo jarri tapoiak.
