Badakigu zerua irakurtzen?

Badakigu zerua irakurtzen? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/badakigu-zerua-irakurtzen/@@download/image/59p48-1.jpg
2006/01/06
erreportajea
Orkatz Goenaga
Badakigu zerua irakurtzen?
Nori ez zaio gertatu, mendi-ibilaldi batean edo eskiatzen ari dela, laino beltz izugarriak gerturatzen ikusi eta etxera korrika abiatu beharra? Lainoen itxuraz eta garapenaz ariko gara gaurkoan, hurrengo mendi ibilaldian ekaitzak harrapa ez gaitzan.

Eguraldi onarekin joan ohi gara mendira, eta gehientsunetan, lurrera edo arkaitzei begira ibiltzeko ohitura dugu. Baina, tamalez, beste gauza batzuekin ere ohitu gara: izan ere, zenbatetan ez ote dugu entzun, Aralarren, Prinioetan edo beste mendikateren batean, behe lainoak eskarmentudun mendizale batzuk ustekabean harrapatu zituenekoa, eta oso larri ibili zireneko istorio hura….

Horrexegatik, lainoen itxura eta garapena aztertuko ditugu gaurkoan; horrelako ezbeharrak ekidin daitezkeelako, edo ahalik eta gehien gutxitu, behintzat. Baina horretarako, behar-beharrezkoa da eguraldiari erreparatzea.

Gutxieneko ezagutza

Mendian gabiltzanean, eguraldia da kontuan hartu beharreko aldagaietako bat. Mendian, orografiaren ondorioz, atmosferaren egoera ezegonkorragoa da; beraz, ezustekorik izan ez dezagun, komeni da eguraldiari buruzko gutxieneko ezagutza izatea. Erreportaje honetan ez ditugu sekretu guztiak argituko, gai zabala eta zaila baita, baina, zuen jakin-mina pizten eta zeuen kabuz zer edo zer ikas dezazuen saiatuko gara.

Komunikabideetatik eguraldiari buruz jasotzen dugun informaziotik, zein alderdiri erreparatu behar diogu zehatz mehatz? Adibidez, nahikoa al da eguraldi ona izatea, mendira lasai joateko? Ez bada, ez da horrela: datozen orduetan etor daitezkeen fronteen berri izatea ere komeni zaigu.

Fronteak gogoan

Mendian, batik bat, eguratsaren bi egoera dira arriskutsuak. Batetik, fronte batek bat batean harrapatzen gaituenean eta euriak blai uzten gaituenean, eta bestetik, behe lainoak inguratzen gaituenean. Bigarren kasu hau, fronte baten aurrean gaudenean gertatu ohi da.

Fronteak binaka iritsi ohi dira euskal lurraldeetara: lehenik, fronte beroa heldu ohi da, eta ondoren, fronte beroa igaro eta egun lasairen bat igaro ostean, fronte hotzak jaten gaitu. Badakigu antizikloiak eta borraskak zer diren, baina horrekin batera, garrantzitsua da fronte beroen eta hotzen arteko ezberdintasunak ezagutzea, eta hauek iritsi aurretik emango dizkiguten pistak igartzen jakitea.

Eguraldi-mapetan, fronte beroak marra eta borobil-erdi gorriez marraztu ohi dira. Fronte hotzak, aldiz, marra eta hiruki urdinez irudikatzen dira eguraldi-mapetan. Fronte hauek, modu bateko edo besteko jokaera eta garapena izaten dute. Hala, komunikabideetatik jasotako informazioan akatsen bat izan bada, erraz igarri ahal izango diogu mendian bertan, eguraldia aldatu aurretik zer egin erabakitzeko.

Fronte beroa

Esaterako, komunikabideek fronte beroa iragarri ondoren, mendian lainoek beste zerbait erakustea gerta daiteke. Informazio horren arabera, euria egin aurretik zenbat denbora dugun jakin ahal izango dugu.

Zeruan laino fin, zuri eta garai gutxi batzuk agertzen direnean, fronte beroaren lehen pausoak izan daitezke. Lehen pauso honi, laino geruza trinko batek jarraitu ohi dio fronte beroetan. Geruza trinko hau oso erraz identifika daiteke: lainoek zisku itxurako eraztuna osatzen baitute eguzkiaren inguruan. Geruza hau agertzen denean, euria egin aurretik, 10-15 orduko tartea izango dugu gutxi gorabehera.

Ondoren, lainoak zabalago, grisago eta opakuago bilakatzen dira, eta itxura hori hartu ondoren, 5-6 ordu izango ditugu euri-lainoak agertu eta busti-busti eginda geratu aurretik. Azkenik, euri-laino handi, zabal, gris eta baxuak agertzen dira, eta horrek esan nahi du euri jasak izango ditugula ordu batzuen ondoren. Fronte beroa igarotakoan, kontuan hartu behar da eguratsean hezetasun handia geratuko dela, eta ikusmen txarra izango dugula mendian. Beraz, galtzeko arriskua izango dugu.

Fronte hotza

Fronte beroaren ondoren iritsi ohi da fronte hotza; beraz, hezetasun handiko eta ikuspen txikiko egoeran egongo gara. Fronte hotzaren lehen keinua haizearen aldaketa izan ohi da, hego-ekialdetik indartsu jotzen hasten baita. Une horretan, pixkanaka, ostertzean dilista itxurako laino txikiez betetzen da zerua, eta jarraian, euri laino handi eta baxuak sartzen dira. Fronte honek arrisku ugari ekarri ohi ditu. Alde batetik, lehen aipatu bezala, behe lainoa eta bat bateko euri jasak etorriko zaizkigu. Bestalde, fronte hotza izanik, udan kazkabarra edo txingorra ekar dezake; eta neguan, elurra.

Mendira goazenean, eguraldiaren informazioa eskuratzea eta informazio hori tentuz begiratzea da garrantzitsuena. Era berean, aintzat hartu behar da mendirako eguraldi-informazio espezifikoa. Mendian lainoak harrapatuz gero, badakizue: lehenbailehen aterpea bilatu, eta sakeleko telefonotik larrialdietara deitu… joango zaizkizue bila!

Informazioa izateko



Mendian izango den eguraldiaren informazio zehatza eskuratzeko.

TELEFONOAK
-Aragoiko Pirinioak (Huesca) 906-365322
-Euskal Herria (Gipuzkoa) 906-365320
-Euskal Herria (Nafarroa) 906-365331
-Katalunia (Lleida) 906-365325
-Katalunia (Girona) 906-365317
-Andorra (Gazteleraz) 07-376-848852
-Frantziar estatua 36-68-02+(departamenduko zenbakia)

WEBGUNEAK
http://basque.wunderground.com/ www.euskalmet.net (Euskal Herri osorako aurreikuspenak)
www.gencat.net/servmet/ (Katalunia)
www.meteofrance.com (frantziar estatua)
www.canalmeteo.com (iberiar peninsula)