Bada zeru urdinak baino hodeiak nahiago dituenik

Bada zeru urdinak baino hodeiak nahiago dituenik Gure gizartearen iruditerian baliotsuagoa da hodeiek zikintzen ez duten zeru urdin bat. Eguzkiak trabarik gabe argitzen duten egun horiek aldarte alaiekin lotzen dira eta beharbada horregatik dira gustukoagoak. Bada ordea, hodeiak maite dituenik ere, horrenbeste ezen hodeiak apreziatzeko elkarte bat ere badagoela. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bada-zeru-urdinak-baino-hodeiak-nahiago-dituenik/@@download/image/0012.jpg
2019/08/20

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Gure gizartearen iruditerian baliotsuagoa da hodeiek zikintzen ez duten zeru urdin bat. Eguzkiak trabarik gabe argitzen duten egun horiek aldarte alaiekin lotzen dira eta beharbada horregatik dira gustukoagoak. Bada ordea, hodeiak maite dituenik ere, horrenbeste ezen hodeiak apreziatzeko elkarte bat ere badagoela.
Bada zeru urdinak baino hodeiak nahiago dituenik

Hodeiez betetako zeru bat ere zoragarria izan baitaiteke. Eskaintzen digun aberastasun emozionala eta anabasa aldakorra ere zeru urdina bezain onuragarria izan daiteke gure garunarentzat gure irudimena elikatzen baitu. Horretaz oharturik sortu zen hodeiak apreziatzeko elkartea: Cloud Appreciation Society

2005. urtean sortu zen Erresuma Batuan eta ordutik hodei maitale ugari bildu ditu bere baitan. Bere webgunean elkartearekin kolaboratzen dutenen hodeien argazki galeria erraldoi bat dago eta baita hodeien inguruko erreferentzia literarioak biltzen dituen txoko bat ere. Hori gutxi balitz, zenbait fenomeno meteorologiko behatzeko txangoak antolatzen dituzte. Baina batez ere, elkarte honen helburua bakarra da: hodeia begiratzen ikastea. Horixe besterik ez. Beharbada txorakeria dirudi, baina onura ugari izan ditzake: naturarekin dugun harremana berreskuratu eta inguruan duguna apreziatzen ikastea, besteak beste.

Cloud Appreciation Society-ren manifestua:

Uste dugu hodeiak injustuki difamatuak izan direla eta bizitza askoz ere pobreagoa litzatekeela beraiek gabe.

Naturaren poesia direla iruditzen zaigu eta horregatik “zeru urdinaren pentsamendua” borrokatzera konprometitzen gara edozein lekutan gaudela ere. Bizitza aspergarria litzateke egunero hodeik gabeko zeru baten monotonia behatuko bagenu.

Pertsonei gogorarazi nahi diegu atmosferaren aldartearen adierazpena direla hodeiak eta pertsona baten aurpegi adierazpenak bezala irakurri daitezkeela.

Uste dugu hodeiak ameslarientzat direla eta berauek behatzeak arima aberasten duela. Hain da horrela ezen, hodeiek eraikitzen dituzten formak behatzen dituen orok psikoanalisi kontsultetan dirua aurreztuko duela. Horrela, entzuteko prest dagoen edozeini hauxe esan nahi diogu: Begiratu gora, liluratu zaitez edertasun ilaunarekin eta gogoratu beti burua hodeietan duen bizitza bat bizitzeaz.

Eta zuk noiz utzi zenion hodeiak begiratzeari?