Bad Religion: hardcore melodiko heldua

Bad Religion: hardcore melodiko heldua https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bad-religion-hardcore-melodiko-heldua/@@download/image/9p8-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Alberto Bocos
Bad Religion: hardcore melodiko heldua


Los Angeles-eko iparraldeko auzoetan 1980an sortua, Bad Religion hardcore melodikoaren ordezkari nagusia izan da, genero honetako puristek mesprezatutako eta gogor jipoitutako estiloa. Zaleak, gazteak oro har, janzkera bereziarengatik nabarmentzen dira: gorra, praka zabalak eta eroriak, behar baino bost neurri handiagoak; Epitaph edo Fat disketxeetako kamixetaren bat; karterari eusteko katea; eta zenbaitetan, kolorez margotutako ilea, piercing-ak eta tatuajeak, baina ez oso nabariak. Zer leporatu behar diegu, bada? Deus ere ez. Beraien kontzertuak oso alaiak dira, ez dira batere bortitzak eta jendeak parte hartu ohi du (slama, pogoa, stage divinga)... Ondo pasatzeko, ez da beharrezkoa gaizto aurpegia jartzea eta muturka hastea. Emanaldiotara neska asko joaten dira. Ederki, bada.
Bad Religionek disko mordoa du kalean, hamaika bat, gehi bi bilduma, gehi zuzeneko bat. Argi dago, lau punk akordeei eta arrakasta eman dien ahots melodikoari eutsi dieten arren, urteen poderioz, abiadura moteldu eta tempo-a ere lasaitu dela. Nik, behintzat, bi maisulan aukeratuko nituzke, "Suffer" (1988) eta "No Control" (1989), baina hala ere, ezin aipamenik gabe utzi beste disko batzuetako kantu zoragarriak, "21st Century Digital Boy", "Atomic Garden", "American Jesus", "Incomplete" edo "Punk Rock Song", esaterako.
Bad Religion ezin da Brett Gurewitz gitarrajoleak sortutako Epitaph Records zigilua gabe ulertu: bertan izan ziren, Atlantic multinazionalera joan baino lehen. Aldaketa hau dela eta, taldeari kritika larriak egin zizkioten. Dena den, Bad Religion sekulako garrantzia hartzen ari zen, Epitaph-ek ezin zion, merkataritza aldetik, arrakasta horri aurre egin, eta beraz, ziur asko, eman beharreko pausoa zen.
Bad Religioni esker, hainbat talde gailurrera iritsi ziren, Offspring, NOFX, Green Day, Rancid edo Blink 182, adibidez, eta punkaren bandera edonoren eskura geratu zen. Ona al da hori? Auskalo, luze eta zabal berba egin liteke horretaz.
Bad Religion letra konprometituak eta azkarrak egiten dituen punka da... baina zeharo komertziala. Hobea al da BR babestea Britney Spears baino? Bai, dudarik gabe. Kontzientziatuenentzat, badira beste ibilbide batzuk, do it your self eta underground-agoak.
Ekainaren 27an Bilbora bazoaz, ondo pasatuko duzu Kaliforniako makina melodikoarekin. Ziur.