Bad Bunnyren diskoan agertzen den Puerto Ricoko igelaren korrokak arriskuan daude

Bad Bunny artistak "coqui" deitzen dioten igelaren soinua sartu du azken diskoko Lo que le pasó a Hawaii kantuan. Igel hauek bi eta bost zentimetro artekoak izaten dira eta kantu bereizgarri eta indartsua dute: "ko-kii". Arrek bakarrik abesten dute eta lehen zatia gainerako arrei bere eremuan ez sartzeko ohartarazpena izaten da. Bestea, berriz, emeek soilik entzuten dutena, gaualdia elkarrekin igarotzeko gonbidapena izaten omen da. Gainera, kanturako kokalekua ere ondo aukeratzen dute, eta etxeetako leihoetan edo zuhaitzen enborretan sartzen omen dira, soinua anplifikatze aldera.
Orain dela gutxi turisten eta puertorricarren arteko zalaparta sortu da sare sozialetan, igel txiki hauen eta haien kantuaren harira. Reddit plataformako erabiltzaile batek igelen "zaratari" buruz idatzi zuen Puerto Ricoko turismoari buruzko foro batean. Bezperan bikote bat entzun omen zuen jatetxe batean igelek gau osoan korroka egin ez zezaten spray bat erabili zutela eta funtzionatu zuela esanez. Produktuaren bila ibili zela kontatu zuen, baina ezer aurkitu ez zuenez, laguntza eskatu zuen. Foroan zeuden puertoricarrak haserretu egin ziren, arriskuan dagoen bertako espezia delako eta kulturarekiko mespretxutzat hartu zutelako. Bad Bunny berak ere igelaren hotsa entzuten den kantuaren zatia partekatu zuen kontu honi erantzunez. Abestia ez ezik, diskoa bera ere Puerto Ricori egindako maitasun gutuna da eta bertako ezaugarri natural eta kulturalak babesteko aldarria egiten du.
Puertorricar gehienak igelaren hotsarekin ohituta daude, baina turistentzat soinu nabarmena izan daiteke. Hori dela eta, produktuak erabili ohi dituzte eta batzuk hil ere egiten dituzte. Igelek ezin dute kantatu gabe komunikatu eta komunikatzen ez badira, ez dira ugaltzen. Ugalketak berebiziko garrantzia du, igel hauek urritzen ari baitira: hiru espezie desagertu egin dira eta beste lau desagertzeko arriskuan daude.
2017ko urakanak El Yunque basoko habitata suntsitu zuen eta igel asko hil ziren horren ondorioz. Horretaz gain, deforestazioak eta urbanizatzeko joerak, lehorte iraunkorrek, eta Lurraren berotzeak ere eragina izan dute. Eta turista batzuk ere ez dira askorik laguntzen ari.
Igel hau Puerto Ricoko ikur kulturala da aspalditik, eta musikan, pinturan, zein bestelako arteetan askotan irudikatu edo aipatu izan da. Bertakoaren sinbolotzat hartzen dute eta Puerto Ricoko identitatearen eta erresistentziaren ikur bilakatu da. Beraz, coquia eta haren kantua babesteko ahaleginetan jarraituko dute puertorricarrek.