Bad Brains: Burmuin gaiztoak?

Bad Brains: Burmuin gaiztoak? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bad-brains-burmuin-gaiztoak/@@download/image/bad_brains_1362740583.jpg
2009/05/01
erreportajea
Gotzon Hermosilla
Hilaren 15ean, Bad Brains taldea Gasteizko Azkena jaialdian izatekoak ziren. Talde bikain horrekin berriro topo egiteko (edo estreinakoz ezagutzeko) aukera aparta zen, euskal zale gehienentzat oso urruti gelditzen baita 90eko hamarkadan Anoeta kiroldegian egin zuten kontzertua. Aitzindariak, berritzaileak, indartsuak, originalak… Ez, ez da nolanahiko taldea. Jakin nahi al duzu zergatik?   

1978. urtea. Washington DC izan zen, baina AEBetako beste edozein hiri ere izan zitekeen. Lau gazte musikazalek, eta ordura arte zenbait taldetan ibilitakoek, tupustean punka aurkitu dute. Dead Boys eta Ramonesen diskoak entzun ostean, zur eta lur gelditu dira estilo berriaren bizitasun, indar eta oldarkortasunarekin. Aurrerantzean gauzak ez ziren berdinak izango. Beraiek ere hasi dira euren musika tresnak astintzen, punkaren eragina muturreraino eramanez, ozenago, azkarrago, bortitzago joz, antzeko zerbait egiten ari ziren beste gazte askorekin batera estilo berri bat, hardcorea, definitzen ari zirela jakin gabe.

Goran aipatutakoa talde askoren istorioa izan daiteke: Minor Threat, Black Flag, DOA, Circle Jerks eta, oro har, hardcore amerikarra sortu zuten gainerako taldeena izan zitekeen. Bad Brainsena ere bada. Ñabardura batekin: lehen aipatutako talde guztiak ez bezala, Bad Brainseko kideak beltzak ziren. Haien heziketa musikalaren oinarrian rocka zegoen, jakina, baina, jazza, funka, reggaea eta bestelako doinu beltzak ere bai. Eta horrek sekulako garrantzia izango zuen taldearen norabidean, geroago ikusiko dugunez.

Ramonesen abesti batetik izena hartuta, Washingtonen kontzertuak egiten hasi ziren Dr. Know (gitarra), HR (abeslaria), Darryl Jennifer (baxua) eta Earl Hudson (bateria eta HR-ren anaia). Kontzertu indartsu eta bortitzak, handik gutxira Washingtonen sortuko ziren hardcore talde gazteagoetan (Minor Threat, SOA, Government Issue) sekulako eragina izango zutenak. Izan ere, aipatutako taldeetakoek heroien gisa ikusten zituzten Bad Brainsekoak. Demo bat grabatu zuten Inner Ear estudioetan Don Zientararekin: handik gutxira, estudio horiek Washingtongo underground-aren talde guztien grabazio-lekua izango ziren, eta Zientara haien aitapontekoa. Mundu guztiak grabatu du hor, Minor Threat-etik Jawbox-era, Fugazitik Bluetip-era. Baina, garai hartan, estudio horiek Zientararen etxeko sotoa eta sukaldea baino ez ziren, eta hori nabari da maketaren gordintasunean. Caroline disketxeak 1996an argitaratu zuen disko gisa, Black dots izenpean.

Baina taldearen zuzeneko sutsuek soka luzea ekarri zuten. Areto bateko zaindariekin liskar bat izan ostean, laster ikusi zuten Washingtongo areto gehienek ateak ixten zizkietela, eta non jo ez zeukatela. Egoera hori islatu zuten Banned in DC (DC-n debekatuta) abestian. Amorratuta, 1979an hiriburutik alde egin, eta New Yorken topatu zuten habia.

New Yorken harrera ona egin zieten, batez ere CBGB aretoaren inguruan gorpuzten ari zen hardcore eszenako kideek. Han single bat argitaratu zuten (Pay to cum mitikoa), zenbait bildumatan parte hartu zuten, eta Bad Brains lehenengo lan luzea kaleratu zuten, Roir zigiluaren eskutik. New Yorkeko Roir diskoetxe bitxia zen, kaseteak (gaur egun erabat bazterturik dagoen euskarria) baino ez zituztelako argitaratzen. Hori zela-eta, grabazio hori ez zen oso ezaguna izan bere garaian, batez ere AEBetatik kanpo. Euskal Herrian, esaterako, garai hartako hardcorezale gehienek uste zuten Bad Brainsen estreinako lan luzea hurrengo diskoa, Rock for light, izan zela. Handik urte batzuetara, grabazioa binilo eta CD formatuetan argitaratu zutenean, gaizki ulertua konpondu zen. Ez dago esan beharrik lana benetako klasikoa dela: abestiak azkarrak, korapilatsuak eta aldaketaz beteak ziren, baina, era berean, oso itsasgarriak. Eta formula hori ondo egitea ez da erraza. Lan honetan reggaearen eraginak nabarmentzen hasi ziren. 1979an, Bob Marleyren kontzertu bat ikusi ondoren, taldekideak liluraturik zeuden reggaearen doinuekin. Eta haiekin batera zetorren rastafari pentsamendu eta filosofiarekin ere bai. Hortaz, kontzertu eta grabazioetan, hardcore erasoaldi bortitzekin batera, reggae doinu espiritual eta hipnotikoak tartekatzen hasi ziren.

1983an Rock for light diskoa argitaratu zuten: sekulako maisulana. Entzuleak ez daki zer den txundigarriagoa, taldearen abiada, Dr. Know-ren trebezia gitarrarekin edo HR-k ahotsari ateratzen dizkion erregistro ugariak. Roir-ekin ateratako lanaren abesti batzuk berriro grabatu zituzten horretan, eta reggae ildoan sakondu zuten hiru kantu miresgarrirekin.

Hurrengo diskoa 1986an iritsi zen, I against I, aurrekoarekin alderatuta oso desberdina, baina geroago agertu ziren hainbat taldetan eragin itzela izan zuena. Disko horretan, Bad Brainsekoek fusioari ateak irekiko dizkiote, eta mota askotako estilo eta doinuak (punka, metala, funka eta abar) nahastuko dituzte inolako konplexurik gabe. Living Colour, Fishbone, Bap!!, Red Hot Chilli Peppers eta fusioa ikurtzat hartu duten beste hainbat taldek askotan aitortu dute Bad Brains eta, bereziki, I against I eta ondoren etorriko ziren diskoak inspirazio iturri izan dituztela.

Hurrengo urteetan, taldearen ibilbidea gorabeheratsu samarra izan zen. Disko onak eta erdipurdikoak atera zituzten, taldea hamaika aldiz desegin eta berriro batu zen, eta barne arazo ugari izan zituzten: HR-k eta Hudsonek reggaera jo nahi zuten, eta Dr. Know-k eta Jeniferrek, berriz, rocka egiten jarraitu nahi zuten. 1988an zuzeneko disko bat argitaratu zuten, hurrengo urtean Quickness izeneko lana, 1993an Rise (hemen HR eta Hudson ez daude, eta abeslariaren lekua Israel Joseph I izeneko kantari batek hartzen du), eta 1995ean, berriz, God of love. Urte hartan, taldea berriro desegin zenean, bazirudien huraxe behin betikoa izango zela.

Baina milurteko berriarekin batera, Bad Brains itzuli egin ziren, indartsu itzuli ere. Hasieran, lege arazoak zirela-eta, Soul Brains izenpean, eta geroago betiko izenarekin. Disko pare bat atera dituzte (2002an I and I survive reggae eta dub diskoa, eta 2007an Build a nation) eta berriro zuzenean jotzeari ekin diote.

2008ko apirilean, bira bat egin zuten Hego Ameriketan barrena, baina horretan HR kantaria ez zen egon (reaggae musikari gisa ibilbide luzea egin du Bad Brainseko abeslariak, eta bere betiko taldeaz aparte, konpromiso ugari ditu) eta Israel Joseph I Rise grabatu zuena aritu zen kantari. Hala ere, itxura guztien arabera, Gasteizen talde osoa egongo da, jatorrizko kide guztiekin. Hala bada, gau ederra izango da, dudarik gabe.

Okene Abrego: “Musika jartzaile nabilenean Bad Brains jartzen dut”



Okene Abrego abeslaria (Bap!!, Inoren Ero Ni) Bad Brains zale amorratua da. Taldeaz galdetu diogu.

Zer da Bad Brains zuretzat?
Nire bizitzaren zati handi bat da, urte askotan talde kuttuna izandakoa. Hardcoreari eta punkari beste ate batzuk ireki zizkion talde handia da.

Nola oroitzen dituzu "Rock for light" eta "I against I" disko haiek?
Sasoi hartako soinu banda bihurtu ziren, beste disko batzuekin batera. Oraindik gogoko ditut, eta musika  jartzaile gisa nabilenetan Bad Brains ere sartzen dut drum & bass, elektroa eta modernoagoak diren erritmorekin batera.

Eragin handia izan da zuretzat, beraz.
Bap!! taldearen kasuan agerikoa zen, eta Andoaingo gaztetxe zaharrean biltzen zen hainbat jenderen kasuan ere, antzeko. Guk punka izan genuen abiapuntu, eta haiei esker, beste hainbat estilo jorratzen hasi ginen. Ordutik, Bap Brains goitizena lagun izan genuen beti.