Backstage. Kokein, Japonian

Backstage. Kokein, Japonian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/backstage-kokein-japonian/@@download/image/2010721269kokein3.jpg
2010/07/02
erreportajea
Testua eta argazkiak: Iker Zaitegi
Duela bi urte hasitako ametsa egi bihurtzea erabaki genuenean, bagenekien gure bihotzetan eta memorian betirako geratuko zen esperientzia baten atarian geundela. Zerbait bereziaren atarian, alegia.

Tokiora Jatsu taldekidearen urtebetetze egunean iritsi ginen; hasiera ezin hobea, beraz. Begiak, belarriak eta sentipen guztiak zabal zabalik, hiri erdira abiatu ginen. Tokioko ixiltasunak harritu egin gintuen han zegoen jendetza ikusita. Hasteko, taberna batean emanaldi erdi akustikoa eskaini genuen, Tayuta taldearekin eta Irundik joandako Finegirorekin;  lehen akordeak han geratu ziren. Hurrengo egunean ekin genion birari. Furgona eta errepidea, bederatzi lagun eta beste lau kontzertu jarraian, bata bestearen ondotik: Nishio, Toyota, Nagoya, Tsu. Eta bukatzeko, berriz ere Tokio.

“Baskuak etorri dira”, zioten Thermostad taldekoek Nagoyako Tiny 7 aretoan. “Urrunetik etorri dira”, “erosi kamisetak eta CDak”… Aretoetako baldintza teknikoak apartak ziren. Gainera inoizko frogarik motzenak egin genituen!! Ordu libreak hirietan galtzeko, Pachinkoetan jolasteko (ideiarik eduki gabe dirua irabazi genuen gainera, kar, kar) eta jateko baliatu genituen. Asko jan genuen, zapore berri eta gozoak dastatuz eta makiltxoekin borrokatuz... Jendearen ongietorriak, irribarreak eta eskuzabaltasunak, egunez egun harritu gintuen bira osoan zehar.
Brahman taldearekin jotzeko aukera birako azken kontzertuan iritsi zen. Marz areto ikaragarrian, Tokio erdian. Sold Out. 300 pertsona zain. Hura izan genuen kontzerturik onenetakoa. Bereziki motibatuta geunden egun hartan eta jendearekin konektatzea erraza izan zen. Bukaeran, harro geunden, egindako esfortzuak merezi izan zuela jakinda. Toyotan erakutsi ziguten bezala, OSKARE SAMADES… GUDAS!! (Ondo eginda, Kokein!!)