Babel *****

Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikarrak minaren trilogia ixten du drama zirraragarri honekin. Marokoko bi anaia nerabek aitaren erriflea hartu eta jolas arriskutsu bati ekingo diote. Ondorioak lazgarriak izango dira. Halabeharrak sufrimendua Marokora ez ezik, Mexikora eta Japoniara ere zabalduko baitu. 21 grams apartaren egileak inkomunikazioaz egiten du gogoeta; gizakien arteko muga politiko, sozial eta kulturalak euren gordintasunean islatuz. Dramaren sua erabat amatatzen ez den arren, itxaropenaren laztanak ferekatzen du filma bukaeran. Gidoia aparta da. Filma, zer esanik ez. Adriana Barraza eta Rinko Kikuchi aktoreen interpretazioak ere oso finak dira. Oscar bakarra jaso zuen arren, 2006. urteko filmik biribilenetakoa izan zen.