Ba ote abesti perfekturik?

Ba ote abesti perfekturik? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ba-ote-abesti-perfekturik/@@download/image/51p16-2.jpg
2005/04/01
elkarrizketa
Julen Azpitarte
Gure musikarien konposizio prozesua nolakoa izaten da? Nola sortzen dituzte melodiak? Musika taldeek zer izaten dute inspirazio iturri? Galdera guzti horien erantzunak, eta hamaika kontu gehiago bildu ditu GAZTETXULOk artikulu honetan.

Unai Lobo (BETAGARRI)
Hain koadrila handia izanda, nola antolatzen zarete kantak konposatzeko?
Normalean, kantaren ideia taldekide batek ekartzen du: melodia bat, lelo bat, ia beti hitzik gabe. Gero,  horri gogor ekiten diogu, kantaren oinarriak atera arte. Azkenik, buelta batzuk gehiago ematen dizkiogu, abestia lotu arte.

Hortaz, denak elkarrekin... nolako nahastea!

Bai, baina apur bat nekatuta gaude metodo horrekin. Aurrerantzean, abestiak landuago eramango ditugu lokalera.

Antolaketa maila handia beharko duzue, ezta?

Ez, hasierako korapilo berak izaten ditugu. Esan daiteke gurea ez dela metodo bat; ahal bezala egiten ditugu abestiak.

Nolakoa behar du izan kanta perfektuak?

Norberarentzako beharko luke; bikotekide perfektuaren antzera.

AFRIKA
Zer datorkizu lehenago burura, musika ala hitzak? 
Musika arinago iristen zait burura. Behin hori edukita, hitzak lantzen ditut.

Nola konpontzen zara musikariekin? Zein da zure konposizio prozesu zehatza gainontzeko musikariei dagokionez?

Hiru lagunekin konposatzen dut. Nik neuk ematen diet abiapuntua, eta eurek egiten dituzte moldaketak. Beste batzuetan, eurek melodia eginda ematen didate, eta neuk lantzen ditut hitzak, edo egin beharreko aldaketak egiten ditut.

Kanta berririk ba al duzu esku artean?

Ez. Une honetan beste kontu batzuekin nabil. Momentuz, ez nago inspiratuta.

Zaila al da rhythm and blues kantak euskaraz abestea?

Argi dago ez dela horren zaila, ezta? Xumeago abestu eta ahoskatu behar da. Apur bat leunago kantatuta, gusturago entzuten da.

Nolakoa behar du kanta perfektuak?

Jakingo banu, nik neuk egingo nuke. Kantabakoitzak bere magia du; denek dute zerbait bitxia.

Xabier Lekuona (CAPTAIN NEMO)
Amorrua, tristura, alaitasuna, mozkorra... lau sentimendu horietatik, zein da egokiena kanta bat sortzeko?
Mozkorra, beste hiru sentimenduak bere barruan barneratzen baititu. Mozkortzerakoan alaitasunetik amorrura igarotzen zara, eta ondoren, amorrutik tristurara.

Nondik hasten zara abestien hitzak idazteko orduan?
Hitzak egiterakoan, inspirazio une batean sorturiko esaldi batetik abiatzen naiz. Ahotsa sartzerakoan, aldiz, kanta entzun eta burura etorritako melodía baten gainean, batpatean inprobisatzen hasten naiz.

Nemo kapitaina itsaso azpian bizi zen. Captain Nemo taldekoek urazpian edo lehorrean konposatzen dituzue kantak?
Alberto gitarrajotzailea urazpian aritzen da, eta gainontzekoak lehorrean. Hain zuzen, Albertok idatzitako "Urpekaria" kantaren hitzak nahasketa horren ondorio dira.

Gustuko duzun euskal kanta bat:
M-ak taldearen "Eddie Cochranen balada". Abesti horretako musika eta hitzak izugarriak dira.

Gustuko duzun kanta bat, Euskal Herritik kanpokoa:
Buff! Asko dira bakarra aipatzeko, baina tira: Angry Samoams taldearen "Not of this earth".

Nolakoa behar du kanta perfektuak?
Mila aldiz entzun arren, inoiz aspertuko ez zaituena; adibidez, Celibate Rifles taldearen "Back in the red".

Aiora (ZEA MAYS)
Triste ala pozik, zein da egoera emankorrena kantak idazteko?
Edozein egoera da ona, zerbait kontatzen bada. Ez diot nire egoera pertsonalari begiratzen, kontatu nahi ditudan gauzen egoerari baino. Gehienetan, kantak tristura ateratzeko erabiltzen ditut.

Hitzak ez ezik, kanten melodiak ere egiten dituzu.
Lokalean egiten ditut melodiak. Prozesua bitxia da: hitzak esaten ditut euskaraz, eta ondoen egokitzen den hitza hartu eta horren inguruan idazten dut.

Amodiozko kantekin nekatuta zaude, ala oraindik indarrean dagoen gaia da?
Atsegin ditudan amodiozko kantek ez naute nekatzen, eta gehienetan horrelakoak idazten ditut. Maitasuna oso kontu zabala da:  maitasuna ez da bikoteen kontua bakarrik.

Nolakoa behar du kanta perfektuak?
Zerbait sentiarazten didana: malkoak edota irria eragiten dizkidana. Nik garrantzi handia ematen diot hitzen sonoritateari; azken batean, azken esanahia norberak ematen dio.

Xabier Erkizia
Musika esperimentalaren alorrean zabiltza: zure konposizioak "kantak" direla esango zenuke?
Musika esperimentalean edo bertze musiken arloan, kantak izan, badira. Dena den, horrek ez du erran nahi nik egiten ditudan konposizio guztiak kantak direnik, inolaz ere.

Zure konposizioetan zerk du garrantzi handiagoa, erritmoak, melodiak ala giroak ?
Nire konposizioetan, dudarik gabe, giroak dira oinarri nagusi. Dena den, giroa erraten dudanean, argi utzi nahi dut ez naizela ambient-aren ikuspegitik solasean ari.

Nondik hasten zara konposizioa lantzen?
Konposatzerako orduan, inprobisazioa eta batbatekotasuna izan ohi dira nire abiapuntu nagusiak. Normalean ideia, sentsazio edo kontzeptu bat erabili ohi dut abiapuntu gisa.

Nolakoa da kanta perfektua?
Ez dakit kanta perfekturik ba ote den, guztiz subjektiboa baita. Nire ustez, zerbait modu zuzen eta argian adierazten eta sentiarazten duen kanta da.

Gorka (BERRI TXARRAK)

Nondik etortzen zaizu kantaren lehenengo ideia?
Gehienetan, iturburua esaldi musikal bat besteerik ez da izaten: motorra piztuko duen sugar  baten moduko zerbait da, etxeko gitarra akustikoaz lagunduta. Hor dago kantaren arima, eta gero hezurdura egin behar zaio, eta azkenik, txukun jantzi.

Lokalean, gainontzeko taldekideek zure esanak aho batez onartzen dituzte, edota eurek ere badute zeresanik?

Inork ez du ezer inposatzen. Ideia erakutsi, eta denon artean kantaren egitura lotzen dugu. Bitxia da: kantak instrumentuekin bukatzen ditugu soilik. Gero, etxean, ahotsaren melodia eta hitzak gehitzen dizkiet.

Bolumen handia erabiltzen duzue kantaren lehen oinarriak prestatzerakoan?

Bai. Lokalean bolumena, beti indartsu jartzen dugu: ez dago ikasterik!

Nolakoa behar du kanta perfektuak?

Ez dago kanta perfekturik. Gustukuenak bai, baina biribil biribilik ez.