Ba omen datoz...

Ba omen datoz... https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ba-omen-datoz/@@download/image/59p24-1.jpg
2006/01/06
erreportajea
Zihara Enbeitia
Ba omen datoz, edo heldu omen dira, belaunaldi berriak. Bertsolari txapelketan zehar, ahoz aho ibili den kontua da hori. Belaunaldi berria bertsolariei dagokienez, eta belaunaldi horretan, hainbat aurpegi berri, eta zenbait sorpresa askorentzat. Eta belaunaldi berria bertsozaleei dagokienez; izan ere, gazte asko joan dira Txapelketako saioetara eta adinaren batazbestekoa asko jaitsi da.     

Esaterako, txapelketako saioetara joandako entzule gazteen forofismoa aipatu da behin eta berriro. "Futbolaren eta beste ekitaldi batzuen zaletasuna dator bertsotara", dio Xabi Paia bertsolariak. "Kamisetak, tinbalak ... gero eta gazteagoa da bertsozalea, eta bertsolaritzarentzat hori pozgarria da. Horrek esan nahi duelako etorkizuna badagoela". Baina zenbaitek ez dute gustuko forofismo hori, edota ezkor dira, behintzat. Futbolean taldea da jokatzen duena, eta bakoitzak bere jokalari faborito edo gustukoak dituen arren, talde osoa animatzea da helburua.

Bertsolari Txapelketan norbanakoak dira lehian dabiltzanak, bertsolariak; baina atzean bertsolaritza dago, proiektu bat. Bakoitzak bere bertsolari faboritoak dituen arren, proiektua bera da bultzatu nahi dena. Edo ala zen, orainartean? Seguru asko, hortik doa "forofismoaren" kontrako jarrera. Forofismoa versus bertsozaletasuna izan behar ote du, nahita nahiez? Txapelketako saioetan, bertsolari jakin baten jarraitzaileak izan arren, orokorrean errespetuz jokatu dute beste bertsolariekin. Beharbada, bertsoforo.com-en islatu da forofismoa bere horretan, baina ez saioetan. Foroan bertan ere, epaileen lanaren aitzakian izan dira kritikak, eta hori ere eguneroko ogia da. Bata defenditzeko bestea kritikatu beharra...

Iraungo ote du?

Txapelketak martxan jarri duen bola erraldoi honek iraungo ote duen galdetzen dute askok. Ea, bertsolari txapelketako saioetan izandako guztiok, "plaza txikietan" berriro elkar ikusiko ote dugun. Bertsozale Elkarteak berak, datorren urtea gogoeta urtea behar lukeela aipatu du. Sustrai Kolina bertsolariaren arabera, "moda fenomeno bat ere badago". Modan omen da bertsozalea izatea momentu honetan. Moda kontua izan ala ez, argi dago belaunaldi berriak bertsozaletu edo forofo egin direla.

Miren Artetxe bertsolariaren iritziz, "txapelketa honetan, entzule gehien eraman duen bertsolaria, seguru asko, Jokin Uranga izan da. Eta hori ez da txapelketan egin duen lanagatik. Lau urte hauetan edo gehiagotan txapelketatik kanpo egin den lanagatik baino. Eta nire ustez, aurtengo txapelketara etorri den entzulego gazte hori, ez da etorri bakarrik Bertsozale Elkarteak egin duen komunikazio kanpainaren eraginez. Beste belaunaldi "berri" horretako bertsolariek zirkuitu profesionaleko plazetatik aparte landu dutelako baizik".

Ez da hain berria

Bertsolarien kasuan ere, belaunaldi berriak aipatu behar ote dira? Sustrai Kolinak ez dauka horren argi: "Bertsolaritzak labealdika funtzionatzen duela esango nuke. Jendearen begirako, Amets Arzallus eta ni, beharbada hurbilago gaude Iturriagaren belaunalditik beste belaunaldi hortatik baino. Ez da adin kontua". Egia da, belaunaldi bereko bertsolari batzuk labealdi bitan (behintzat) plazaratu direla; plazaratu baino, publiko zabalarentzat ezagun egin. Lehendik ere bertsolari ezagunak direlako, denak edo ia denak.

Miren Artetxek ere belaunaldi bat ikusten du, baina ez luke "berria" denik esango: "Belaunaldi hori aspalditik dabil. Lehenagotik ere hor zegoen. Behar bada, txapelketa honek eraman du argira; baina hain berria ez da. Bizkaiko Txapelketan hor zegoen. Gipuzkoakoan ere bai...". Eskolarteko Txapelketatik elkarrekin dabiltzan bertsolariak dira, eta Sustraiek dioenez, ezaugarri komuna "oso lagunak" direla, eta elkarrekin ondo pasatzen dutela izan daiteke. Edota "plazak eskatzen ibiltze hori".

Plazara ailegatu aurretik, bertsoa bizi proiektu izateko apustua egin duen belaunaldia da Sustraien ustez. Beharbada hori da gakoa. Bertsoetatik bizitzea ez da inoiz erraza izan, eta orain ere ez. Hori bai, gero eta gehiago dira bertsolaritzarentzat, edota nolabait bertsolaritzatik, bizi diren bertsolariak.

Bertsozale Elkartearen lanetan dabiltzanak, edota bertso-eskoletan irakasle direnak. Batzuk ofizioz, beste batzuk afizioz. Edota Xabi Paiak dioen moduan, "bertsolari asko edo gehienak karreradunak dira, eta karrera horietako askok komunikazioarekin, hizkuntzarekin, literaturarekin edo poesiarekin loturaren bat edo beste daukate".

Miren Artetxek toki falta aipatuko luke ezaugarri komun gisa: "Gaur egungo eliteko zirkuituan, kupoa beteta dago" Artetxeren ustez, "eta "belaunaldi "berria"k beste formatu batzuk landu behar izan ditu. Baina bertsokera kontuan hartzen badugu, ez dago ezaugarri amankomunik, era guztietako estiloak daudelako, zorionez". Eta batzuk oso klasikoak dira, zergatik ez. Jon Maiak "bertsolari autoreak" aipatu zituen behin, bakoitzak bere marka duelako. Egia da, hala ere, batzuk beste batzuk baino sarriagotan lortzen dutela euren bertsoak sinatzea.

Bestelako gaiak

Bertsolariak eta bertsozaleak aldatuz doaz, baina baita gaiak eta gaien formulazioa ere. Adibidez, harremanekin edo sexuarekin lotutako gaiak planteatzerakoan, bukatu dira neska-mutilen rol topikoak, orain bikoteak dira: bikote homosexualak, heterosexualak, bisexualak edo beste zernahi. Hala, orainartean erabili gabeko gaiak atera dira aurtengo txapelketan.

Miren Artetxeren ustez, "dibertsitatean dago koska. Gaiei dagokienez, denetik jarri da. Egoerak, binaka hausnartzeko gaiak... " . Artetxeren ustez, alde horretatik aberasgarria izan da txapelketa hau, eta zorionak eman nahi dizkie gaijartzaileei egindako lana dela-eta. Baina gaien kontu hori, belaunaldi berriekin bat datorren aldaketa al da?

Sustraien iritziz, "belaunaldi aldaketa, baino estilo aldaketa bat egon da. Plazan indarra daukan belaunaldiak bere bertsoa ikusteko modua txertatzen du". Xabi Paiak, bere aldetik, denboraren joanarekin lotzen ditu aldaketok. Mirenek ere urteetan egindako lana aipatzen du. Biek ala biek 'zara'tik 'zarete'-ra emandako saltoa aipatzen dute. Paiak dioen moduan, binakakoari "ofizioa deitzen zaio bi ofizio kontrajarri ezartzen zirelako". Hortik kanpora, bide berri asko zabaldu dira aurtengo txapelketan. Aldaketak bi aldetatik etorri dira Paiaren ustez, "batetik, bertsolari batzuek gaiei eman dieten tratamendutik, eta baita jendeak, orokorrean, hartu dituen erabakietatik". Miren Artetxeren esanetan, "behingoz komentario positiboak" nagusitu dira bertsolariei jarritako gaiei buruz.

Ba omen datoz belaunaldi berriak; eta belaunaldi oraindik berriagoak aipatzeko beta hartu nahiko nuke. Aurten, haurdun dauden bertsolariak entzun ditugu oholtza gainean (ez Txapelketa Nagusian bertan, baina bai Arabako Txapelketan, kasu). Bestalde, haurdun dauden gaijartzaileek egin dute aurkezle lana Bertsolari Txapelketa Nagusian. Gutxi aipatu den arren, hori izan da txapelketa honetako irudirik politenetako bat. Ba omen datoz garai berriak!

Plazako bertsokera txapelketan?

BEC-eko finala plazako saioa izan zela esan dezakegu. Zergatik ez dakigu, baina txapelketan bestelako bertsokera erabiltzen dute denek, edo ia denek. Plazan egiten diren txiste txarrak (edo onak), ez dira sarri agertzen txapelketan.
Ez orainartean, behintzat. Aurtengo finaleko saio guztia izan liteke horren adibide, baina gehiegitan entzun edo irakurriko diren bertsoak izanik, beste saio bat ekarri nahi izan dugu hona. 

Berako finalerdian, Sustrai Kolinak eta Fredi Paiak egindako saioa da ondorengoa. Argi dago Fredi Paiak plazan abestuko lukeena abesten duela, eta Sustraiek jarraitzen diola. Ez da arrunta era honetako bertsokera entzutea txapelketan. Fredik, hala egingo al zuen finalerako txartela eskuan izan balu? Ezetz esango nuke. Ez berak eta ez beste batek ere. Eta, hain justu, ez al da hori txapelketa nagusian askok eskertzen duten freskotasuna?

S. Colina-F. Paia

Gaia: Sustrai, zure bikote lagunak, Fredik, hiru egun daramatza erre gabe. Umore jasan ezina du eta etxean ez da giro. Edozergatik haserretzen da.

S. Colina

Erabaki zenuen
Chesterrak uztea
baina okerra izan da
hau da nere ustea
lehen trasto bat zinen
ta orain trastea
onena dezu berriz
erretzen hastea. (bis)

F. Paia

Sustrai maitea zara
pazientziaren muga
azal zuria duzu
hortan ez da duda
eta ile gorria
beiratuz burura
zergatik duzu horren
zigarro itxura. (bis)

S. Colina

Aldamenetik gogor
hasi zait kolpeka
eta nik ondorioz
belztu det kopeta
egia da dirudit
Fredi zigarreta
azkenaldian erre
egin nauzu eta. (bis)

F. Paia

Zure azken esana
zen nahiko lucky-light
bizkarra okertua
daramazu nunbait
zigarro apurtua
burura nolabait
porro bat egiteko
gogoa sartzen zait. (bis)

S. Colina

Ederki aztertu du
Fredik nere luka
behin utzita tabako,
droga ta zurruta
egizu kanuto bat
mekauen la fruta
hala porru eginda
utziko nauzu-ta. (bis)

F. Paia

Sustrai jaio al zinen
estanko batean
geroztik nire kontra
zabiltz atakean
nikotina igertzen dut
zure hitzen kean
filtroa jarriko dut
gu bion artean. (bis)

S. Colina

Nere senarra hola
portatzen da usu
azkenaldian dabil
ez tabako ez su
ta neregan filtroa
jarri behar baduzu
zaude isilik eta
emaidazu muxu. (bis)

F. Paia

Ez zaitez atrebitu
hor geldi zaudela
kantzerrak hil behar nau
kolpean bestela
zuri begiratu ta
uste dut horrela
maitasun harreman hau
hautsontzi bat dela.