Ba al zenekian... nahi adina zurrumurru

Ba al zenekian... nahi adina zurrumurru https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ba-al-zenekian-nahi-adina-zurrumurru/@@download/image/7p20-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Ba al zenekian... nahi adina zurrumurru
Ba al zenekien trafikatzaileek drogaz betetako goxokiak banatzen dituztela eskola atarian haurren artean? Eta mutil bat kanpora bidaian joan zeneko batean, neska batekin larrutan egin ondoren, neskak, mutila lozorroan zegoela, gelako ispiluan "ongi etorria hiesa-ren mundura" idatzita utzi eta ospa egin zuela? Antzeko istorioak entzun ditugu behin baino gehiagotan. Zurrumurruak dira, inork baieztatzerik izan ez dituen istorioak.

Istorio harrigarriak edo sinesgaitzak, beldurra sortzen dutenak, toki batean ala bestean protagonista ezberdinak dituen istorio bera... Esamesak dira, ahoz aho zabaldu eta benetakoak bailiran jasotzen ditugunak. Epe batez denon ahotan daude. Egia? Gezurra? Auskalo. Beharbada, benetako gertaera batetik abiatuta sortu dira, baina ondoren, gizakion fantasiak nahi bezala "biribildu" ditu. Aitzitik, funtsik gabeko istorioak ere izan daitezke. Hona hemen azken urteotan Euskal Herrian edota beste zenbait herritan ahoz aho ibilitako zurrumurru sorta.
Kubara joandako "ehiztaria"
Hego Euskal Herrian duela zenbait urte hedatutako esamesa da. Gipuzkoako gizon batek ehizean egun batzuk pasatzera zihoala esan zion emazteari. Senarrak alde egin eta handik egun batzuetara, ordea, emazteak Goardia Zibilaren deia jaso omen zuen: senarraren autoa Hondarribiko aireportuan zegoela, eta susmagarria zelakoan ireki, barruan eskopetak topatu, eta ikertzen hasita, autoaren jabea Kubara joana zela. Jakina, ez dago esan beharrik zertara joana zen Kubara gure gizona... sexu turismoa egitera! Istorio honek bertsio ugari ditu eta protagonista ere aldatu egiten da. Bertsioetako batean protagonista ertzaina da.
Organu trafikoa
Guk gernikar bati gertatua dela entzun dugu, baina bestelako hamaika bertsio ere badaude. Are gehiago, antzeko istorioak ia mundu osoan kontatzen dira. Horra hor guk entzundakoa. Gernikako mutil gazte koadrila bat Brasilera joan zen bidaian. Haietako bat, nola ez bada, bertako neska eder batekin elkartu zen. Ez dago batere garbi, baina kontua da neska harekin parrandan zebilela, morroiak auskalo zer edan edo hartu zuela eta konortea galdu zuela. Hurrengo egunean Euskal Herrira itzuli, baina mutila ondoezik zegoenez, medikuarenera joan zen. Sendagileak esandakoa harrigarria izan zen: ebakuntza egin berri ziotela eta organu bat falta zuela.
Komentuan, haurren hezurrak
Diotenez, Donostiako komentu batean, berritze lanak egiten ari zirela, lurrazpian jaioberrien hezurrak topatu zituzten. Antza, garai batean mojek erditutako eta hildako seme-alaben hezurrak ziren. Istorio bera herri askotan kontatzen da eta hezurrak lurrazpian edo pareta artean ageri dira.
Arratoi mutantea
Nonbait, turista espainiar batzuei gertatu zitzaien. Turistok Hirugarren Munduko herrialde batean, kalean, chihuahua zakur bat aurkitu zuten, jaberik gabe. Turistek Espainiara eraman zuten, etxera. Baina... hara non chihuahuak beraien zakurra jan duen! Jakina, ez da oso normala zakur batek beste zakur bat jatea eta horrexegatik, albaitariarengana jo zuten. Zer esan zien albaitariak? "Chihuahua" hura ez zela zakurra, arratoi mutantea baizik.
Lapurrek utzitako ikurrak
Askotan entzun dugunez, lapur taldeek eranskin txiki batzuk jartzen dituzte postontzietan, gainerako taldekideek etxeetan inor ote dagoen jakin dezaten. Herri askotan kontatzen den istorio hau, ordea, ez da berria. XIX. mendean kontu bera zebilen ahoz aho, baina oraingo honetan, protagonistak ez ziren ebasle taldeak, eskaleak baizik. Poliziek, hala ere, ez dute inoiz bide hau erabili duen lapur talderik harrapatu.
Zuloz betetako etxeak
Londresen diotenez, bertan bizi diren pakistandarrek, senideak Londresera iritsi ahala, etxeko hormak bota eta zuloak egiten dituzte, gela gehiago izateko. Gero eta senide gehiago joaten direnez, etxeak, azkenik, lurrera erori ohi dira. 

Kontuz esamesekin


Istorio hauek guztiak mitoak izaten dira. Normalean beldurra, mesfidantza edo barrea eragin nahi dute. Ahoz aho zabaltzen dira eta hamaika bertsio dituzte. Ildo honetatik, aipatzekoa da 1947an Allport-ek eta Postdam-ek egindako ikerketa. Pertsona bati argazki bat ikusteko eta ondoren, bertan ikusitakoa beste bati kontatzeko esan zioten. Bigarren pertsona honek hirugarren bati kontatu behar zion eta hirugarrenak laugarren bati. Katea luzea zen. Ikerlariek ikusi zutenez, ordea, bosgarren pertsonari kontatutakoak ez zuen ia zerikusirik argazkian ageri zenarekin.  
Bestalde, interesgarria da aztertzea zurrumurruokin agerian geratzen diren ideiak. Esate baterako, istorio hauetako batzuk atzerrian gertatzen dira edo bestela, protagonistak atzerritarrak dira. Mezua garbia da: ez dago kanpotarrekin fidatzerik, etxean bezala ez gaude inon... Era berean, zurrumurru batzuetan emakumea da protagonista, bera da gizonari amua jarri edo kalte egiten diona. Ideia matxista hau ez da berria, Biblian bertan aurki dezakegu eta.
Beraz, ez zaie kasu handiegirik egin behar.