Ba al dakizu zenbat metrotako kapsulak eskaintzen dituzten Madrilen ikasleentzat?

Ba al dakizu zenbat metrotako kapsulak eskaintzen dituzten Madrilen ikasleentzat? Etxebizitzen alokairuen prezioak bestelako alternatibak bilatzera bultzatzen dituzte gazteak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ba-al-dakizu-zenbat-metrotako-kapsulak-eskaintzen-dituzten-madrilen-ikasleentzat/@@download/image/Pantaila-argazkia 2024-12-16 081906.png
2024/12/16
Etxebizitzen alokairuen prezioak bestelako alternatibak bilatzera bultzatzen dituzte gazteak.
Ba al dakizu zenbat metrotako kapsulak eskaintzen dituzten Madrilen ikasleentzat?

Tokion zegoen etxebizitza edo logela arazoa ikusirik, enpresa batzuk apartamentu edo logela txiki-txikiak edota kapsula klaustrofobikoak eskaintzen hasi ziren. Bestelako hirietan ere gero eta gehiago dira, ordea, halakoak. Madrilen, esaterako, hiru metro koadroko kapsulak daude eskuragai Gallery Hostel-en, "hobeto atseden hartu, gutxiago ordainduz" lelopean. Hala ere, ez pentsa merkea denik: hileko alokairua 395 euro kostatzen da. 

Ostatuak 26 banakako kapsula eta hamalau kapsula bikoitz ditu, eta zazpi komun. Egonaldi luzeetarako kapsulek metro eta erdi dute zabaleran eta bi metro luzeran. Ilaraka daude jarrita, zazpi metroko altuera duten blokeetan. Entxufea, sarraila elektronikoa, aireztatze sistema, gauzak uzteko armairua, ohe-jantziak eta toallak izaten dituzte alokairuaren truke. Sukaldea eta garbitegia ere bada konpartitzeko, eta gosaria ere sar daiteke eskaintzaren barruan. Sarreran, berriz, gela komun bat dago, egongela edo jangela modura erabil daitekeena. 

Kapsula hauek alokairuan dituen Gallery Hostelen ikasturte honetako plaza guztiak beteak omen daude. Berez gau gutxi batzuk igarotzeko pentsatutakoak dira, baina egonaldi luzetarako alokatu dituzte batzuk, etxebizitzarekin dagoen arazoa aprobetxatuz. Beste hiri edo herrialde batzuetatik datozen ikasleak dira halakoetara jotzen duten asko. Izan ere, Espainiako Gazteriaren Kontseiluaren Emantzipazio Behatokiak joan den abuztuan adierazi zuenez, gazteek euren soldataren %96,6 bideratzen dute etxebizitzarekin lotutako gastuetara.