Ba al dakizu baserritarrez zuzen janzten?

Ba al dakizu baserritarrez zuzen janzten? Gero Axularren #dotorejantzi ekimenarekin lortuko duzu! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ba-al-dakizu-baserritarrez-zuzen-janzten/@@download/image/42945662065_92ef2a8abf_o.jpg
2018/12/03
berria
Gero Axularren #dotorejantzi ekimenarekin lortuko duzu!
Ba al dakizu baserritarrez zuzen janzten?

Abenduan sartu berri gara, eta harekin batera, geroz eta gertuago daude festa herrikoiak, San Tomas Eguna kasu. Baserritar jantzia armairutik atera eta txukuntzeko garaia iritsi da! Baina, ba al dakizu baserritarrez behar bezala janzten? Abarken beharrean zapatilak jartzen dituenetakoa zara? Ez duzu txapela edo zapia jartzeko ohiturarik? Lasai! Gero Axularren #dotorejantzi ekimenari esker, aurten peto-peto jantziko zara!

Igande honetan, Donostiako Tabakaleran aurkeztu dute ekimena, baina zertan datza zehazki? Hauek antolatzaileen hitzak:

"Gero Axularren ekimen bat da #dotorejantzi. Donostiako dantza-talde bat da Gero Axular, eta dantza eta musika tradizionalen ikuskizunetako jantziei jartzen dien ardurak bereizten du.

Ahalegin handia egin eta diru asko inbertitzen du jantzietan; guztira, 60 jantzi-diseinu baino gehiagoko 3.000 janzki baino gehiago ditu, eta guztiak daude Euskal Herriko jantzi tradizionalean oinarrituta, eta xehetasun guztiak ondo-ondo zainduz.

Donostiako San Tomas eguneko egoera orokorra aztertuta, iaz, aurrerapauso bat eman nahi izan zuen jantzi tradizionalaren kultura ezagutzera emateko eginkizunean, eta, horretarako, Baserritar Jantzien I. Lehiaketa antolatu eta kritika oso positiboak eskuratu zituen. Hori izan zen, hain zuzen, taldea bultzatu zuena #dotorejantzi garatzera.

Ekimenak hainbat helburu ditu: baserritar jantziari merezi duen balioa ematea, donostiarrak animatzea San Tomas egunean baserritarrez janztera, jantzia diseinatzen laguntzea eta jantziaren kultura zabaltzea.

Gure baserritarrak jende arrunta ziren, eta baliabide gutxi zuten; baina, ez ziren ez zikinak ez narrasak. Beren burua eder ikustea gustatzen zitzaien, guri bezalaxe, eta asko zaintzen zuten beraien irudia, ez bakarrik festetara, jarduera sozialetara eta elizara joaten zirenean, baizik eta egunerokoan ere".

San Tomas hauetan baserritarrez dotore eta zuzen jantzi nahi baduzu, ez utzi Gero Axularren webgunea bisitatzeari! Bertan topatuko dituzue gomendio ederrak; hemen duzue adibide bat!