Azterketak

Azterketak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/azterketak/@@download/image/8p20-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Azterketak
Azterketak gertu baino gertuago ditugu. Ziur asko, hamaika alditan entzun duzu ondo ikasteko hau edo beste hura egin behar dela. Eta ziur asko oraintxe bertan GAZTETXULOko hauek berriro ere betiko matrakarekin datozela pentsatzen ari zara. Hamar puxtarri! Kontua da, lagun, "ziur asko", ondorengo aholkuetako bat bera ere ez duzula sekula bete. Beraz, irakur itzazu, mozolo horrek!

1. Ohea, lagun maite hori!
Behar bezala ikasteko, ondo lo egin behar da. Norberak jakin behar du zenbat ordu lo egin behar dituen. Gutxi lo eginez gero, dena den, gure buruak ez du beti bezala funtzionatzen. Horrez gain, kirola egiteko ohitura izanez gero, eutsi behar zaio. Kirola oso ona da tentsioak alde batera uzteko eta gure burua lasaitzeko.
2. Kaferik ez!
Ikasle batzuek, lo gutxi egiten dutenez, kafea hartu ohi dute, logurari aurre egiteko. Ez da batere ona, ordea, loak ez hartzeko baliagarria den arren, urduri jartzen zaitu eta.
3. 48 orduz segidan ikastea, galarazita
Ikastea atsedenekin tartekatu behar da. Ez da komenigarria denbora gehiegi atsedenik gabe ikasten pasatzea. Ikerlarien arabera, gure burmuina, gehienera, 45 minutuz segidan aritzen da %100ean.
4. Munduko tripontziok, argi ibili!
Oro har, egoki jatea garrantzitsua bada, are garrantzitsuagoa da azterketa sasoian. Neurrian jan behar da, beraz, eta jaki osasuntsuak hartu. Zer? Arraina, barazkiak, esnea, ur asko, fruta...
5. Ikasi beharrak ez du zerikusirik monastegi batean egotearekin
Beraz, atera zaitez paseoan ibiltzera, lagunekin elkartu, zinera joan zaitez... Egunero liburu artetik, etxetik edo liburutegitik ateratzeak on egingo dizu. Antolaketan dago gakoa.
6. Ikasteko tokia ez da Matraka
Ikastea matraka handia da, bai, baina horregatik ikasteko tokiak ez du zertan Sakanako Matraka diskotekaren antza izan behar. Erne ibili musikarekin. Bakailao-ak ez du batere laguntzen, baina ez pentsa musika lasaiagoa hobea denik. Izan ere, gehiegi lasai zaitzake.
7. Kolore, kolore...
Txorakeria dela dirudi, eta ez da falta apunte eta liburu inguruan hamaika arkatz edota koloretako axota dituztenen bizkar barre egiten duenik ere. Gaizki egina. Esaldiak, izenak edo datak azpimarratzea baliagarria da burua freskatzeko. Gogoratu nahi ditugun hitzak edo zenbakiak "post-it" moduko paperetan idaztea eta paperok gelan edo etxean barraiatuta jartzea ere gomendagarria da.
8. Ausardia
Egunero, jaikitakoanispilu aurrean jar zaitez eta "hi haiz hi!" esaiozu zure buruari. Ideia ezkorrak, "ez dut azterketa gaindituko", "bi egun baino ez dira falta", bazterrean utz itzazu. Egoera larriei baikortasunez ekitea funtsezkoa da.
9. Leihoa zabalik
Dagoeneko praka motz eta tirantedun kamixetak ikusten hasiak gara. Beraz, ikasi ordez, orduak eta orduak pasa ditzakezu leihotik neska-mutilei begira. Ederki, ezta? Ez da hori kontua. Ikasteko mahaia ez duzu leiho aurrean izan behar eta leihoa, beti zabalik. Ba al zenekien burmuinak arnasten dugun oxigenoaren %20 eta 50 bitarte hartzen duela?
10. Gero gerokoak
Azterketa garaiak soka amaigabea dirudi. Batekin bukatu eta beste batekin hasi beharra. Horrexegatik, garrantzitsua da mantso-mantso joatea eta gainera datorkigunaz ez pentsatzea. Hurrengo azterketa dela eta, buruari bueltaka ibilita ez da ezertxo ere lortzen, ezta?