Aztarnak arte bihurtuta

Aztarnak arte bihurtuta https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aztarnak-arte-bihurtuta/@@download/image/33p30-1.jpg
2003/09/05
erreportajea
Hona hemen artista gazte ipurterre talde batek abian jarritako egitasmoa: grabatu-dantza. Gezurra dirudien arren, dantza eta grabatua uztartuz, artelanak egin daitezke.

Ekimen bitxi eta aitzindari batekin gatozkizu oraingoan. Grabatu-dantza proiektua Donostiako Txokolarte izeneko arte tailerrean sortu zen. Baina, zer da grabatu-dantza? Lau elementu nagusi ditu arte ekintza honek: dantzariak, papera, tinda eta musika. Oso ekintza ikusgarria da, hainbat dantza diziplinatako (klakea, flamenkoa, euskal dantza, dantza garaikidea, ballet-a, break-a, hip-hop-a, afrikar dantza…) 11 dantzarik koreografia baten aztarnak marrazten baitituzte zoruan ipinitako paperetan. Horretarako, tindaz eta grabatuaren teknikaz baliatzen dira.

Dantzariak batera aritzen dira, gune handi batean. Guztiek musika bera erabiltzen dute, eta nork bere koreografia hainbat aldiz errepikatzen du, grabatu serie bat osatu arte; grabatu serieko ale guztiak berdintsuak dira. Hori bai, dantzarien aztarnek ez dute zerikusirik elkarrekin: flamenko dantzariaren urratsek bihotzak dirudite; hip-hop dantzariaren grabatuan kirol zapatilak antzeman daitezke; dantza garaikidea egiten duenarenean eskuak eta oinak; ballet dantzariarenean, kasik antzeman ezin diren puntako zapatilen arrastoak… Ederra, benetan.

Lan talde zabala
Arte ekintza hau antolatzeko, hamaika dantzariez gain, makina bat lagun aritzen dira lanean: ekoizpen eta sustapen taldekoak, paperak zoruan jartzen dituztenak, tindaz arduratzen direnak, grabatutako papera kendu eta zintzilikatzen dutenak, musika jartzaileak, bideo grabatzaileak… "Dantzarien lana oso garrantzitsua da, baina atzean jende guzti hori ariko ez balitz, ezin izango genuke ekintza egin", esan digu Estibalitz Alvarez proiektuaren sortzaile eta grabatuaren arloan hainbat sari irabazitako donostiarrak.

Proiektua abian jartzerakoan, arduradunek bazekiten egitasmoak hainbat buruhauste sortuko zizkiela. "Jende asko mugitu behar da, eta leku handiak behar dira ekintza egiteko. Ezin dugu edozein tokitara joan. Horrek guztiak aurrekontua garestitzen du. Pentsa; autobus bat behar dugu dantzariak eta ekintzarako beharrezkoak diren gauzak eramateko", dio Estibalitz-ek. Hala ere, ez dute etsi, eta une honetan sustapen lanetan ari dira, proiektua Euskal Herrian zabaltzeko itxaropenez. Zorte on eta aurrera!