Azoka, jalgi hadi Durangora!

Azoka, jalgi hadi Durangora! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/azoka-jalgi-hadi-durangora/@@download/image/durangomapa_1385642643.jpg
2013/11/28
berria
Testua: Amaia Portugal
Hemen da Durangoko Azokaren 48. edizioa; abenduaren 5etik 8ra. Kulturak ez du begira geratu nahi, ez eta besterik gabe begira dezaten ere. Plazara irteteko beharra du, gozatua izateko beharra. Hau ez baita Durangoko Erakustazoka.

Horregatik, aurtengoak baditu nobedade batzuk, osteguneko ikaslearen egunetik hasita. Oraingoan ez dira besterik gabe Landakoko kaleetan gora eta behera kuxkuxean ibiliko. Oraingoan kazetari sentituko dira egun batez Saguganbaran, Jon Arretxe idazlearekin solasaldia izango dute Ahotsenean, bikoizketa tailerrak egingo dituzte Irudienean, antzerki muntaketa bat nola egiten den ikasiko dute Szenatokian.

Kultura elkarrekintza baita. Azoka eta herriaren artekoa ere bai. Aurten, Durango inoiz baino gutxiago izango da soilik Landako: Durango izango da. Ahotseneak eta Irudieneak lehenbizikoz irten dute karpa nagusitik, eta Mañarierrekara begira jarriko dira. Ibaiaz bestalde dute, lehendik ere, Szenatokia. Ongi etorri kulturaren plazara. Kulturerrekara.


Ahotsenea

"Bertaratzen direnentzat gune batetik besterako tarteak ahalik eta txikienak izan daitezen -distantziak fisikoak baino mentalak baitira-, pentsatu genuen gu ere apur bat mugituta hobeto irudikatzen zela zabaltzeko asmo hori", esan du Gotzon Barandiaran arduradunak.

Bere ustez, Ahotseneak zentzua ematen dio Azokari, produktuaren atzean dagoen sorkuntza lana agertzen baita bertan. Bai eta ikusgaitasuna eskaini ere parte hartzen duten idazle eta musikariei: "Aukera izaten dute urtean zehar edukiko ez duten publiko batengana iristeko. Musika talde askok igoal ez dituzte inon edukiko Ahotsenean izan ditzaketen 100 lagunak kontzertuetan. Edo idazleek ez dituzte izango 50 entzule urtean zehar". Hain zuzen ere, aurten lepo daukate egitaraua, inoiz baino jende gehiagok eskatu baitu tartetxo bat karpa honetan: "Urteak daramatzagu esanez krisia ekonomikoa dela eta batzuek eragindakoa dela, sorkuntzan ez baitago krisirik".

Egitarauari begira, guk hiru proposamen egingo ditugu hemen, baina Barandiaranen aholkua ahaztu gabe: "Beti joaten gara ezagutzen dugun hori entzutera, baina guk sorpresarik onenak hartzen ditugu ezagutzen ez dugun hori ikusten dugunean eta gustuko dugunean. Hori baino gauza ederragorik ez dago, eta guri Ahotsenean urtero gertatzen zaigu".

Joseba B. Lenoir:
Labetik atera berri du Tenpesta diskoa, lau kanta besterik ez dituen hamar hazbeteko biniloa. Erraietatik erran eta Ez zaitut behar A aldean, Tenpesta eta Itsu eta biluzik B aldean. Ikusgarriak dira Xabier Sagastaren azala eta diskoaren barruan dauden beste marrazkiak.
Abenduaren 6an, 11.00etan.  

McOnak:
Durangoko Azokakoa izango dute Piraten matxinada diskoaren aurkezpen emanaldia. Eskoziar deitura hartuta, "folk-rock errebeldea" egiten dutela diote Lekeitioko talde honetako kideek.
Abenduaren 6an, 18.30ean.

Mariluz Esteban:
Aurten argitaratu duen Amaren heriotzak libreago egin ninduen poema liburuaz ariko da. EHUko Antropologia irakaslea da Esteban, eta zenbait saiakera liburu ditu idatziak, feminismoaz eta genero ikuspegiaz batez ere. Gaiok ere izan ditu hizpide fikziozko bere lehenbiziko lan honetan.
Abenduaren 7an, 19.00etan.




Irudienea


Zugaza zineman izango du egoitza aurten. Arrate Illaro Topaguneko kideak eta Irudienearen arduradunak azaldu bezala, gunea herrira zabaltzeko ez ezik, bere toki naturalera eramateko egin dute lekualdaketa: "Durangoko Azokaren plan estrategikoa egin zenean planteatu zen ikus-entzunezkoak bere gune naturalera eraman behar zirela. Proiekzioari dagokionez hobetu egingo dugu".

Hemen ere egitarauak ez du etenik izango, eta aniztasuna azpimarratu du Illarok. Ekitaldien artean, azpimarratzekoa da Topaguneak urtero antolatzen duen Kameratoia Durangoko Azokara ekarri izana aurrenekoz. "Aurten Irudienearen bueltan antolatu denez, helburu berri batzuk gehitu ditugu. Adibidez, sortzaile berriek dagoeneko esperientzia baduten sortzaileekin espazioa elkarbanatzeko aukera", azpimarratu du Alba Fatuarte Kameratoiaren arduradunak.

Kameratoia:
Euskal Herriko ikus-entzunezkoen rallya da. Bederatzigarren edizioa du aurten, eta lehen aldiz egingo dute Irudienearen barruan. Lehiaketarako izena eman duten (epea itxita dago) gazte taldeek aurkeztu beharreko film laburraren gaia eta irudien zerrenda jasoko dute, eta hortik aurrera 48 ordu izango dituzte gidoia osatu, grabazio lanak egin eta edizio lanak burutzeko.
Abenduaren 6an, 11.00etan: aurkezpena.
Abenduaren 8an, 18.00etan: sari banaketa eta talde irabazleen lanen emanaldia.

Goenkaleren TV movie-aren aurre-estreinaldia:
ETB1eko Goenkale telesailak hogei urte bete ditu aurten, eta TV movie bat prestatu dute, Help! Socorro! Lagundu! izenburupean. Filma telebistan emango dute abenduko bigarren astean, baina aurrez, Irudienean izango da ikusteko aukera, aktoreak bertan direla.
Abenduaren 6an, 20.00etan.

Loreak errepidean filmaren aurrerapena
:
2014an estreinatuko da Loreak errepidean, aktoreen artean Itziar Ituño, Nagore Aranburu, Itziar Aizpuru, Josean Bengoetxea eta Ane Gabarain dituela. Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariek ekoizpen lanen berri emango dute, bai eta filmaren trailerra aurkeztu ere.
Abenduaren 7an, 15.00etan.



Szenatokia

Ibaiaz bestalde, San Agustin Kultur Gunean dago Durangoko Azokako arte eszenikoen plaza. Gune honek ez du lekualdaketarik izan, lehendik ere herriaren bihotzean zegoen. Antzerki maratoiak hartzen du areto honetan egiten diren ekitaldien artean tarte eta garrantzia handiena. "Antzerki taldeek beren antzezlanaren zati labur bat eskaintzen dute, pelikula bateko trailer baten moduan", azaldu du Itziar Elias Szenatokiko arduradunak. Aktoreekin hitz egiteko aukera ere izaten da gune honetan, eta erakusketa txiki bat ere jarriko dute, bertan aurkeztuko diren antzezlanen argazki eta sinopsiekin.

Antzerki maratoia:
Ordu laurdeneko zortzi antzezlan zati izango dira ikusgai guztira, lau goizez eta beste lau arratsaldez: Bidai Magikoa (The True Antzerki Taldea), Traganarru (Bada Teatroa), Kokakola eta Barea (Xentimorik Gabe Antzerki Taldea), Inungane, sustraiak airean (Karrika Antzerki Taldea), Mikrouhinak (Silvia Manzana eta Jon Ander Alonso), Epa! (Demode Quartet), Hala ere maite nauzu (Taupada Antzerki Taldea) eta Zu ere On Kixote? (Agerre Teatroa).
Abenduaren 7an, 12.00etan eta 18.00etan.

Kafie eta Berba mahaingurua:
Zer eragin du antzerkiak egoera soziopolitikoan? Eta egoera soziopolitikoak antzerkian? Durangoko Azokako aurtengo herrialde gonbidatua Eskozia denez, Catriona Lexy Campbell Eskoziako gaelikozko idazleen elkarteko zuzendaria gonbidatu dute. Euskal Herriaz hitz egiteko, Oier Guillan (Hegoaldea) eta Ixabel Etxeberria (Iparraldea) izango dira. Josu Camara Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko lehendakaria ariko da solasaldiaren moderatzaile lanetan.
Abenduaren 8an, 17.30ean.

Konpota antzezlanaren estreinaldia:
Lan honek euskal antzerki sorkuntza sustatzen duen ZUBI egitasmoaren babesa jaso zuen 2012an. Philippe Gaulierren testu bat euskaraz landu eta antzeztuko den lehen aldia da. Antton Lukuk egin du itzulpena, eta Eneritz Artetxe da aktorea. Dxusturi Teatroaren lan bat da.
Abenduaren 8an, 19.00etan.