Azkue Literatura Sarietara lanak bidaltzeko epea zabaldu dute

Azkue Literatura Sarietara lanak bidaltzeko epea zabaldu dute Abenduaren 30erako bidali behar dira olerkiak eta narrazioak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/azkue-literatura-sarietara-lanak-bidaltzeko-epea-zabaldu-dute/@@download/image/azkuesariak.jpeg
2022/10/28

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Abenduaren 30erako bidali behar dira olerkiak eta narrazioak.
Azkue Literatura Sarietara lanak bidaltzeko epea zabaldu dute

Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak R. M. Azkue Literatura Sarien deialdia egin dute, gazteak literaturara erakartzeko asmoz. Narrazio eta poesia lanak saritzen dira bertan eta genero bakoitzak bi maila izango ditu. A mailan parte hartuko dute 2009tik 2012ra jaiotakoek, eta B mailan 2005etik 2008ra bitartekoek. 

Euskaraz idatziriko narrazio zein olerki-lanak aurkez daitezke, beti ere originalak eta inoiz argitaratu edo saritu gabeak. Lanen luzerari dagokionez, narrazioek alde batetik idatzitako bi folio izan beharko dituzte A maila, eta lau B mailan. Olerkian, berriz, hamabost lerro A mailan eta 30 bestean.

Lanak abenduaren 30erako bidali beharko dira Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzara (Plaza Barria, 15/ 48005). Egilearen datuak ezingo dira agertu idazlanean, eta lanaren hiru kopia aurkeztuko dira. Gutun-azal itxi batean jarri beharko dira datuak.

Narrazio eta olerkietako sariak honako hauek izango dira bi mailetan: lehenak 300 euro jasoko ditu; bigarrenak, 240; eta hirugarrenak, 180. Parte-hartzea sustatze aldera, 500 euroko saria emango zaio lehiaketara ikaslerik gehien aurkezten duen ikastetxeari. Ikastetxe bakoitzak jakinaraziko du zenbat ikasle aurkeztu diren lehiaketara. Gainera, sariok jaso dituzten gaztetxoen lanak arteztu dituzten irakasleek edo laguntzaileek 60na euroko saria izango dute. Epaimahaikoen erabakiak 2023ko martxoaren 31 baino lehen iragarriko dira.

Oinarriak hemen kontsulta daitezke. Zalantzarik izanez gero, 94 4158155 telefono zenbakira deitu edo info@euskaltzaindia.eus helbide elektronikora idazteko jakinarazi du Euskaltzaindiak.