Azkena rock jaialdirik ez 2021era arte

Azkena rock jaialdirik ez 2021era arte Atzeratu egin dute aurtengo ekainean ospatzekoa zen Azkena Rock jaialdiaren 19. edizioa. Horrekin batera izen ospetsu bat (gehiago) gehitu dute datorren urteko kartelera: Iggy Pop! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/azkena-rock-jaialdirik-ez-2021era-arte/@@download/image/ARF2021.jpg
2020/05/13

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Atzeratu egin dute aurtengo ekainean ospatzekoa zen Azkena Rock jaialdiaren 19. edizioa. Horrekin batera izen ospetsu bat (gehiago) gehitu dute datorren urteko kartelera: Iggy Pop!
Azkena rock jaialdirik ez 2021era arte

Ikusitakoa zen, ez du inor ezustean harrapatu albisteak. Gehiago ikusita orain dela egun batzuk Primavera Sound jaialdi ospetsuak erabaki berdina hartu zuela jakinda. "Ez zuen teknoak lortu, gutxiago reggaetoiak... baina koronabirus madarikatuak lortuko du". Horrela azaldu dute atzerapena Azkena Rockeko antolatzaileek. Jaialdiak 18 urte zeramatzan rock and rolla erdigunean jartzen, baina azkenik aurtengo edizioa datorren urtera atzeratzea erabaki dute. 

Aipatu dutenez karteleko ia artista guztiek erakutsi dute egoerarekiko erabateko enpatia eta prestutasuna, horrela Black Mountain, Brian Wilson, Fu Manchu, L7, Liher, Lysistrata, Patti Smith, Reverend Horton Heat, Robyn Hitchcok, Shooter Jennings, Social Distortion, Suzi Quatro, The Faithlees eta Wicked Wizzard taldeak jada 2021ean Mendizorrotzan arituko direla baieztatu dute. Beste gainerako taldeekin hizketan ari dira beraiek ere bertan egon daitezen. Horiez gain gainera, izen mitiko bat gehituko da kartelera: Iggy Pop! 

Aurtengo sarrerek datorren urterako balioko dute
Data berrirako aurtengo sarrerek automatikoki balioko dute 2021eko jaialdirako. Hala ere, norbaitek itzuli nahiko balitu hori egiteko epea maiatzaren 18tik 31ra izango da. Nahiz eta antolatzaileek Azkena zaleen babesa eskatu duten. Izan ere, sarrera erosi dutenek ez badute itzultzen guztia  horren gogorra izan ez dadin lagunduko baitute, itzulera askoz errazagoa eginez. Baina ez antolatzaileei bakarrik, baita jaialdiko crew-ari, teknikoak, stage manager-ak... guztiak aurten lanik gabe gelditu dira eta horregatik saldutako sarrera bakoitzeko 5 euro beraientzat bideratuko ditu Azkena Rock jaialdiak. Jasotzen den diruaren erdia beraz beraientzat izango da eta beste %50a Arabako Elikadura Bankura bideratuko dute.

Azkenik, aipatu dute 2021ean jaialdiak 20 urte betetzen dituela, eta horregatik ezusteko ugari prestatzen ari zirela, hala nola, osteguneko eguna gehitzea, rock and roll egun bat gehiago izanez horrela. Aipatu, erositako sarrerek egun horretara sartzeko ere balioko dutela kostu gehiagorik gabe.