Azkena rock: Gasteiz rockak kiskalita

Azkena rock: Gasteiz rockak kiskalita https://www.gaztezulo.eus/albisteak/azkena-rock-gasteiz-rockak-kiskalita/@@download/image/44p11-1.jpg
2004/09/03
erreportajea
Julen Azpitarte
Azkena rock: Gasteiz rockak kiskalita
Hilaren 10ean eta 11n Azkena Rock Jaialdia egingo da, hirugarren urtez, Gasteizko Mendizabala zelaian. Aurten ere talde onak etorriko zaizkigu. Guztira, 20 taldek jardungo dute, eta bi eszenatoki ipiniko dituzte.

Iazko jaialdian itzal handiko taldeak aritu ziren Gasteizen: Stooges, The Cramps, Ray Davies, Hellacopters… Eta aurten ariko diren taldeak ere ez dira nolanahikoak: besteak beste, Urge Overkill, Redd Kross eta The Screamin Cheetah Wheelies estatubatuarrek, The Soundtrack of Our Lives suediarrek, Turbonegro norvegiarrek eta Hodoo Gurus australiarrek Mendizabalan bildutako zaleen musika gosea asetuko dute. Bisitari gehiago ere izango dugu, noski: The Last Vegas, Mark Lanegan Band, The Mooney Suzuki, 16 Horsepower… Talde hauek rock-aren adar ugari ordezkartzen dute: hala nola, AEBetako rock-country egur berria, garajea, rock psikodelikoa eta punk-rock-a. Bertako taldeek ere lekutxoa izango dute Azkena Rock Jaialdian: Bide Ertzean eta Kuraia.

MC5 berriro ere martxan

Aipamen berezia behar du DKT-MC5 taldeak. Detroit-en 60ko hamarkadan sortutako Motor City Five (MC5) talde mitikoan aritutako hiru kideren egitasmo gaurkotua da DKT-MC5. Eta hildako bi kideen ordez, aparteko musikariak ariko dira: Hellacopter eta Lemonheads-eko Evan Dando eta Motorhead-eko Lemmy. MC5 taldeak hiru disko baino ez zituen argitaratu, baina taldearen eragina sekulakoa izan da; punk-rock estiloaren aitzindariak izan ziren, eta musikari eta zaleen artean oso estimatuak dira gaur egun.

Bestalde, jaialdiak zenbait berrikuntza eskainiko ditu aurten. Batetik, Johnny Cash country musikari estatubatuar handiaren heriotzaren lehen urteurrenaren ildotik, haren omenezko kontzertua antolatu dute hilaren 12an. Bestetik, kontzertu akustikoak izango dira Azkena aretoan irailaren 10ean, 11n eta 12an, eguerdi partean. Ez da batere aukera txarra….